Julian Rios. Abokatua

«Gizarteak espetxeetan husten du bere segurtasun grina»

Bi mila presoren kontakizunetatik abiatuta, espetxea erretratatu du Julian Riosek liburu batean; atzo aurkeztu zuen, Iruñean.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Samara Velte.
2011ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
«Kilometro oso bat zuzen egin nahiko nuke». Horixe erantzun zuen preso batek Julian Rios idazle eta abokatuak (Madril, Espainia, 1965) galdetu zionean ea zer izango zen espetxetik irtetean egingo zukeen lehen gauza.

Guztira, 2.000 presori egin diete galdeketa Riosek eta beste hiru idazlek, eta haien esperientzietan oinarrituta, Andar 1 km en linea recta. La carcel del siglo XIX que vive el preso liburua idatzi dute. Atzo aurkeztu zuen Riosek, Iruñeko La Hormiga Atomica liburu dendan.

Zein ondorio atera dituzue presoen kontakizunetatik?

Europa osoan, preso kopuru altuena duen estatua da Espainiakoa; paradoxikoki, delitu gutxiena duena ere bada. Horrek esan nahi du gehiegi erabiltzen dela espetxea gatazkak konpontzeko. Uste dugu administrazioa ez dela jabetzen zein latza den espetxea eta zein zailak haren ondorioak.

Nolakoa da XXI. mendeko kartzela?

Kartzela masifikatua da, herritarren gehiengoak guztiz ahaztua. Presondegiak hiriguneetatik oso urruti egoten dira, eta bertan jendea pilatzen da, helburu bakarra haiek zigortzea izanda; gizarteak bertan husten du bere segurtasun grina. Ahaztua bakarrik ez, ezkutatutako espazio bat ere bada.

Nolakoa da espetxea kanpoan ere zapalduta daudenentzat, esaterako, emakume eta etorkinentzat?

Kasu gutxi batzuez salbu, emakumeak gizonezkoen espetxeetan sartzen dituzte, emakumezkoentzako moduluetan, horrek ekar ditzakeen zailtasunekin. Etorkinentzat, oztopo nagusiak hizkuntza eta distantzia dira. Batzuek ez dute eman zaien epaia ere ulertzen; etxekoekin komunikatu ezinik egoten dira, eta askotan kondena luzeak bete behar izaten dituzte paperik gabe egoteagatik soilik.

Kaleko botere harreman eta zapalketak kartzela barruan mantentzen dira?

Ez dut uste boterea generoaren edo jatorriaren arabera neurtzen denik; kartzelan gehiago da nor nagusitzen den, nork duen droga.

Gizarteak benetan ezagutzen du espetxeetako errealitatea?

Bai zera, ez du arrastorik! Gizarteak uste du plasmako telebistak eta igerilekuak dauden espazioa dela espetxea eta jendea kalean baino hobeto dagoela han krisi garaiotan. Hori da estereotipoa, eta ez dira jabetzen kartzelak benetan esan nahi duen guztiaz: sufrimendua, intimitatea eta izaera soziala ukatzea; espetxeek gizarteratzea ezinezko bihurtzen dute.

Eta presoek nolako irudia dute kartzelaz? Han dauden bitartean aldatzen da?

Galdera horixe egin genien guk ere. Gutxi batzuek baietz erantzun zuten, onerako. Askok esan zuten lehengo irudi bera zutela, eta gehienek irudia okertu egin zitzaiela, ez zutela horrelakorik espero. Egia esan, presoen artean desberdintasun handiak daude, baina kartzelatik ateratakoan denak ohartzen dira egonaldiak izan duen eraginaz. Indarkeriazko sistema beldurgarri batera moldatzen ikasten dute kartzelan, bizirik irauteko; hortik irtetean sumatzen dira ondorioak.

Espetxeen zeregina, berez, presoei gizarteratzeko heziketa ematea da. Betetzen da?

Instituzioak saiatzen dira, baina ezinezkoa da. Espazio itxi hori gainezka dago, eta bestela ere beldurgarria eta bortitza da; zailtasunak amaiezinak dira. Eta estatuaren giltzapetzeko dinamika gogorra ez da bateragarria giza eskubideekin, gizartean berriz bizitzeko aukerekin.

Eredu hoberik ezagutzen duzu?

Kartzelarik onena kartzela ez dena da, edo, txarrenean, erregimen irekia duena, hirugarren gradukoa; hori da preso batzuek gizartearekin harremana izateko duten bide bakarra. Lehen gradua baztertu egin behar da, presoak isolatuta dauzkana. Gainera, egin behar duguna da gizartea informatu eta sentsibilizatu, kartzelak etengabe kritikatu eta, ahal denean, espetxearen ordezko bideak bilatu.

Kartzelatik ateratakoan, gizartea prestatuta dago preso ohiak hartzeko?

Jendea beldurtu egiten da. Krisi garaiotan, beren baitan bilduta daude denak, babeserako joera handia dago. Kanpokoa edo ezezaguna denaz ez dute ezer jakin nahi; orain presoei buruz hitz egitea guztiz gaitzesgarriak diren pertsonak aipatzea bezala litzateke. Baina oker daude: presoak geureak ere badira, gure gizartearen produktua dira eta haien alde ere egin behar dugu lan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.