Iñigo Gogoan plataformak, gomazko piloten erabileraren aurkako Bartzelonako elkarteak eta Nafarroako Grebalarien Kolektiboak gizartearen protesten aurka erabilitako "errepresioa" salatu dute gaur Iruñean.
Haiekin batera, Aingeru Zudaire gaztea izan da gaurko agerraldian. Hark irailaren 26ko greba orokorrean jasotako pilotakada baten ondorioz ikusmena galdu du. Salatu dute Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak eta Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariak ez dutela gaztearen egoeraren inguruan "interesik" azaldu.
"Gizarte protesten aurka erabiltzen duten errepresioa salatzeko, Aingeru Zudaire gaztearen egoera dela eta erantzukizunak eskatzeko, eta berriro gerta ez dadin aldarrikatzeko", hainbat ekitaldi antolatu dituzte larunbaterako Atarrabian.
Bokatxak kanpora lelopean, egitarau zabala prestatu dute:
14:00etan: Herri bazkaria udaletxe plazan
17:00etan: Pilotak frontoira!!! (pilota partiduak herriko frontoian)
19:00etan: Manifestazioa udaletxe plazatik
20:00etan: Kontzertua Gaztenean