GIZARTEARENTZAT LAN EGITEKO ZIGORRAK. Gainezka eginda daude kartzelaren ordezko gizarte lanak egiteko lekuak

Hogei hilabetean jarritako zigorren erdiak ez dira bete; Jaurlaritzari laguntzeko prest dago Eudel, baina xehetasunen zain dago

mikel p ansa
Donostia
2009ko urriaren 29a
00:00
Entzun
«Gizartearentzat lan egiteko zigorrak ez dira ondo funtzionatzen ari. Zigor interesgarria da, eta pena da, baina horrela da». Bilboko epaile dekanoa, Alfonso Gonzalez Guija, gizartzearentzat lan egiteko zigorren aldeko da, baina ohartzen da ez direla behar bezala ezartzen ari: «Zenbaitzuei iraungitzen ari zaio zigorra, eta batzuei jarraipen eskasa egiten zaie». Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 356 lekutan bete daitezke zigor horiek, Eusko Jaurlaritzaren arabera. Iazko urtarriletik aurtengo abuztu amaierara, hogei hilabetean, halako 5.511 zigor jarri dituzte epaileek -egunero bederatzi laguni, alegia-. Zigorren %46 baino ez dira bete: 2.543 lagun leku faltan daude. Gainezka egin dute gizartearentzat lan egiteko zigorrek, haien xedea kolokan jartzeraino.

Arazoa ez da oraingoa. 2007an Zigor Kodea berritu zuen Espainiako Kongresuak, zirkulazioari lotutako delitu batzuk -alkoholaren edo drogen mende gidatzea, abiadura muga gainditzea...- kartzelarekin zigortzeko. Arrats elkarteko kide Joxe Mari Larrañagaren arabera, «delitu horiengatik jendea kartzelan sartzea gogorregia dela ikusi dute, eta bideratu dituzte gizartearentzat lan egiteko zigorretara». Larrañagak eta Gonzalez Guijak Zigor Kodearen aldaketa harekin lotu dute gizartearentzat lan egiteko zigorren hazkundea.

Gipuzkoan lan egiten du Arrats elkarteak, Martuteneko kartzelako presoei laguntzen. Larrañagak dioenez, Gipuzkoan badaude 3.000 lagun zigorrak betetzeko zain, eta 70entzako lekua besterik ez dago. Jaurlaritzaren esanetan, arazoa «sakon berraztertu behar da, leku gutxi eskaintzen direlako, eta zigortuen lanorduekin egokitzeko zailtasunak daudelako».

Eudelekin bildu zen irail hasieran Jaurlaritzako Justizia sailburu Idoia Mendia. Orain zigorrak betetzeko dauden lekuak bikoiztu nahi lituzke Jaurlaritzak, eta horretan laguntzeko eskatu zion Eudeli, 2010ean 700 leku egon daitezen. «Ideia ona iruditzen zaigu; lan egiteko prest gaude. Orain arte adingabeekin landu izan da, eta esperientzia onak izan ditugu», azaldu dio Eudelek BERRIAri: «Ahal duguna egiten saiatuko gara, baina zirriborro zehatzago baten zain gaude».

Zigorra betetzeko lana Administrazioaren esku gelditzen dela oroitarazi du Gonzalez Guijak, eta gaurko eskaintza «motza» dela iritzi dio: «Administrazioaren mende gaude erabat, eta hor arazo handia dago». Udalek ez dutela zigor horiek betetzeko lekurik eskaintzen eta arazoa, inbutua, hor sortzen dela uste du Bilboko epaile dekanoak: «Administrazioak uste du gastua eragingo diola».

Bestalde, gizartearentzat lan egiteko zigorrekin lanpostuak galtzen direla uste du zenbait sindikatuk, eta udalek ez dute liskarrik nahi haiekin, Gonzalez Guijak dioenez. Larrañagak ere ikusten du arazo hori, baina azaldu du Gipuzkoako udal gehienetan probak egiten hasi direla aurten.

Arrats eta Loiola Etxea elkarteek aspalditik eskatzen dituzte kartzela zigorren ordezko neurriak. Horregatik, zigorrak gainezka egiten ari zirela ikusi zutelarik, Martuteneko espetxeko gizarte zerbitzuetara jo zuten laguntza eskaintzera. Gizarte zerbitzuek laguntza onartu zuten, eta Larrañaga eta beste zenbait lagun Gipuzkoako udal gehienekin eta gobernuz kanpoko erakunde askorekin bildu dira. Zigorrei buruzko informazioa ematen aritu dira, erakundeak lekuak jartzera animatzeko: «Gipuzkoako udal gehienak hasi dira horretan, poliki-poliki, proba egiten».

Donostiako Udalak ez duela lekurik eskaintzen azaldu du Larrañagak, ez helduentzat, ez adingabeentzat. Bestelako jarrera du Gasteizko Udalak; lekuak ugaritzeko prest agertu da. Egun, Gasteizko Udalak dozenatik gora leku eskaintzen ditu, baina pertsona batek baino gehiagok betetzen du zigorra leku berean. Animalien babeserako zentroan, parkeak garbitzen eta bulegoren batean egiten dituzte lanak, besteak beste.

Martutenen, 80 lagun

Sortzen ari zen egoerarekin «haserretu», eta «ez da, ba, jendea hain erraz libratuko» esan bide zuten zigorren jarraipena egiten dutenek, Larrañagaren hitzetan. Espetxeetara joateko agintzen hasi zitzaizkien zigorra bete gabe zeudenei. «Jendea libratzen ari zen, eta deika hasi ziren. Martutenen 80 lagun daude orain hirugarren graduan; egunero bi orduz joaten dira, lorategia garbitzera eta...». Larrañagak argi du helburua ez dela zigorra espetxean betetzea. Egindako kaltea konpondu eta berrezteko xedea izan behar du zigorrak, eta hori ezin da kartzelan bete: «Zigorra jarri dute, baina ez dute prestatu gainerako guztia». Gainera, ez dute ikusten zigor honek balio duenik alkohol proba gainditu ez dutenentzat. Gidatzen hutsen bat egin duena garbiketan jartzeak ez du zentzurik Larrañagarentzat.

Berez, zigorrak baliagarriak direla uste du Arrats elkarteko kideak, baina zigorrak betetzeko eran «aldaketa asko» egin behar direla iruditzen zaio. Gonzalez Guijak ere ontzat dauka zigorra:«Ondo erabilita, interes hezitzaile eta terapeutiko interesgarria izan dezakete zigor hauek, eta balio dezakete berreziketarako». Epaileek «arlo teknikoan» eta zigorren jarraipena egiteko orduan zer hobetua badutela aitortu du. Agintariei eskatu die, ordea, esfortzua egiteko: «Zigor honi etekina atera behar zaio». Zigorrak betetzeko aukera zabala dela ohartarazi du, auzitegiek ez dutelako katalogo itxirik; zigorra jaso duenak ere proposa ditzake lanak. Larrañagak ere hortik jotzeko aholkua eman die zigortuei, espetxera noiz deituko dieten zain egon gabe.



Zigor Kodeko 49. artikulua

«Gizartearentzat lan egiteko zigorrek, zeinak ezin baitira eman zigortuaren baimenik gabe, zigortua behartzen dute, trukean diru saririk jaso gabe, kooperazioa ematera erabilgarritasun publikoko ekintzetan, zeinak egindako delituaren izaeraren parekoak izan behar duten, sortutako kalteak konpontzeko edo biktimak lagundu eta babesteko».



356

Zigorrak betetzeko lekuak. Gizartzearentzat lan egiteko zigorrak betetzeko 356 leku daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Leku gehien Arabak du: 156. Bizkaian 130 daude, eta Gipuzkoan, 70. Jaurlaritzak nabarmendu du oso leku gutxi daudela, bereziki hiriburuetan.



34.000

Baldintzapeko askatasunean daudenak gizarteratzeko laguntza. Arabako Foru Aldundiak 34.000 euroko laguntza jarriko du Langraiz Okako espetxean baldintzapeko askatasunean dauden gizonak gizarteratzeko harrera pisua martxan jartzeko.



Gizartearentzat lan egiteko zigorrak noiz iraungitzen dira?

Zigorrak «arinak» izan litezke -30 lan egun artekoak-, edo «ez hain larriak»-31 egunetik 180ra artekoak-. Epe jakinean bete ezean, iraungi egiten dira.

Zigor arinak.Epaia eman eta urtebetera iraungitzen dira.

Zigor ez hain arinak. Bost urtera iraungitzen dira.



Zer dira gizartearentzatlan egiteko zigorrak?

Delitu, falta edo kartzela zigor «arinen» ordez gizartearen onerako lanak eginez zigorra betetzea da. Espainiako Zigor Kodeak 1995etik jasotzen du aukera. Batik bat, adingabeei ezarri zitzaizkien hasieran; 2007az geroztik, ordea, zirkulazio delituak, edo tratu txar arinak, edo gisako delitu edo faltak egin dituztenei ezartzen hasi ziren epaileak. Zenbait ezaugarri bete behar dituzte lanek: ezin dute zigortuaren duintasunaren aurka egin; ezin dira zortzi orduz gorako lanaldiak izan; zigortuak berak onartu behar du lan hori, ezin zaio onarpenik gabe zigorra eman; eta lanak loturaren bat izan behar du egindako hutsegitearekin, berreziketa xedea betetzeko. Bestalde, Gizarte Segurantzak babesten ditu zigortuak.



Zigortuek, administrazioan ez ezik, hainbat erakundetan bete dezakete zigorra. Haien lanarekin gustura daude gehienak, baina kritikak ere badituzte egiteko.

Zigortuen lan behartu gabeak

M. Peruarena. Donostia

Gizona; 18 eta 50 urte artekoa; zirkulazio delituren bat egin duena. Ezaugarri horiek dira ohikoenak gizartearentzat lan egiteko zigorrak jasotzen dituztenen artean. Emakume gazteak ere badaude: Gipuzkoako Gurutze Gorrian zigorra betetzen ari direnetatik, %9 dira 18 eta 34 urte arteko andreak, adibidez. Leku gehien eskaintzen duten erakundeetako bat da Gurutze Gorria; aurten, Gipuzkoan, 67 lagunek bete dute zigorra bertan. «Lekuak ugaritzeko ahalegin handia egin dugu, eskari handia dagoelako», adierazi du Itziar Estebanez Gurutze Gorriko kideak: «Ahalegina egiten dugu pertsona bakoitzarekin adosteko nola beteko duen zigorra, bakoitzaren bizimoduarekin oreka bilatuz». Oro har, gustura daude emaitzarekin. Zigortuetako batzuek «esker ona» adierazten diete, eta boluntario ere egiten dira.

Emausen ere hartzen dituzte zigortuak, eta han ere gustura daude. June Polo Emauseko kidearen hitzetan, «behar bat betetzen dute, eta hartu behar duten ardura hartzen dute». Aurten pertsona bakarrak bete du zigorra Emausen: gizarteratzeko arazoak dituztenentzako zentro batean aritu da lanean, otorduak prestatzen. «Orain beste bat dago zain, hasteko», azaldu du Polok.

Adingabeek ere betetzen dituzte gizartearentzat lan egiteko zigorrak. Gipuzkoako Gurutze Gorrian, urtero hamar bat adingabe hartzen dituzte, 20 eta 30 ordu arteko zigorra betetzeko. Bilboko Metroak ere hartzen ditu adingabe zigortuak, 2007az geroztik. «Zerbitzatzen dugun gizartearekin arduratsuak garenez, zigorren gainetik, berreziketa neurriak hobetsi ditugu, adingabeekin bereziki», nabarmendu dute Metroko arduradunek. Iaz bost adingabek bete zuten zigorra, metroa garbitzen. Berriztu Hezkuntza Elkartearekin hitzarmena egin berri du Metroak, bestalde, eta laster adingabe gehiago hartuko dituzte.

Zigorra, helburuetatik urrun

Arabako Caritaseko idazkari nagusia, Ramon Ibeas, kritikoago ageri da zigor hauekin: «Erabaki politikoa izan da zigorra plazaratzea, baina ez dira neurriak jarri gero hori betetzeko. Jendea batetik bestera dabil, zigorra nola bete bilatu ezinik». Zigorrek ez dute helbururik betetzen, Ibeasen ustez, «helbururik baldin badute behintzat». Arabako Caritasek adingabeekin egin du lan, batik bat. Tailerretan aritzen dira: «Gazte hauen heziketari garrantzi handia ematen diogu». Ez dute inoiz arazorik izan haiekin. Arazoak beste alde batetik datoz, Ibeasen ustez: «Oso erraza da legeak egitea, baina gero tresnak behar dira lege horiek betetzeko; alde horretatik, justizia administrazioa ez da batere trebea izan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.