Gizarteratzeko plana aurkeztu du Jaurlaritzak

Oinarrizko errenta lanbide arteko soldataren %86ra igotzea nahi dute

Erredakzioa
2003ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek eta udalek eta Eusko Jaurlaritzak, 2005. urtea arte, 2.586 milioi euro erabiliko dituzte Gizarteratze Plana garatzeko. Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantza sailburu Joseba Azkarragak, atzo, Gasteizen, aurkezpenean erran zuenez, plan honen bitartez, Eusko Jaurlaritzak «EAEn dagoen gizarte bazterketa eta pobreziari ausart eta bere osotasun guztian eraso nahi die».

Funtsean, baztertuta dauden pertsonak gizarteratu eta lan munduan sartzeko helburua du planak. Horretarako, besteak beste, aldizkako diru-sarrera bitarteko babes sistema bermatu nahi du; oinarrizko errentaren bidez edota larrialdietako gizarte laguntzen bidez.

Gizarteratze Plana bazterketaren eta pobreziaren azterketatik abiatu dute. EAEn, egun, 20.597 bizikide unitatek jasotzen dute oinarrizko errenta. Horietariko %51, bakarrik bizi diren pertsonak dira, edadetuak gehienak; %21 etorkinak dira. Pertsona horien beharrei erantzuteko onartu zuen atzo Gobernu Kontseiluak plan hau. Bai eta Gizarte Segurantzaren estalduratik at daudenen, laneratzeko zailtasunak dituztenen, tratu txarrak jasan dituzten emakumeen eta preso ohien beharrei erantzuteko ere.

Planaren helburu zehatzei dagokienez, Azkarragak nabarmendu zuen haien asmoa dela oinarrizko errentaren zenbatekoa lanbide arteko gutxieneko soldataren %86ra igotzea, alegia, egungoa baino bost puntu gorago.

Bestalde, aurrezki kutxekin elkarlanean, diru arazoak dituztenentzat larrialdietarako maileguak erraztea bilatzen du planak. Azkarragaren hitzetan, horri «banka etikoa esaten diote Europan».

Etxebizitza eta Gizarte Gaiak, Hezkuntza, Osasuna, eta Justizia, Enplegua eta Gizarte Segurantza sailak hartzen ditu planak. Sail guztien artean 1.057.276.000 euro bideratuko dituzte plana garatzeko. Aldundiek 1.100.315.000 euro emanen dituzte; udalek 362.198.000; eta INEMeko eta Gizarte Segurantzako funtsek 66.287.000.>

z

Gizarteratze planaren egitura



bazterkeria arriskuan dauden pertsonentzako berariazko neurriak



Marko operatiboa: Gizarte zerbitzuetako plantilla aldi baterako indartu; lan moldeak hobetu; gizarteratze programak eta prestazioak kontrolatu eta horiek kudeatzeko tramiteak erraztu; eta abar.

Prestazio ekonomikoak: Oinarrizko errentaren zenbatekoa arian-arian igo, lanbide arteko gutxieneko soldataren %86ra iritsi arte; eta abar.

Politika aktiboak: Baztertuta daudenei gizartearen zerbitzu normalizatuetan parte hartzeko aukera eman, lan normalizatu baten bitartez lortzen saiatuz; eta abar.

>

babeserako sistema orokorrak sendotu eta berriz bideratu



Gizarte zerbitzuak: Gizarte zerbitzuen irudia bateratu; gizarte zerbitzuen normalizazioa lortu; baztertuta daudenek euren behar eta egoerei egokituriko artatzea eskuratu; emakumeen kontrako indarkeria prebenitu; presoei laguntza eman adingabeei bereziki; prostituten eskubideak onartu.

Prestakuntza eta enplegua: Lan merkatuko bitartekaritza sistema eta lan bila dabiltzanak orientatzeko sistema hobetu; laneratzeko zailtasunak dituztenen kontratazioa sustatu; eta abar.

Hezkuntza: Derrigorrezko eskolatzea bermatu; etorkinen beharrei erantzun berezituagoa eman; espetxeratuen hezkuntza hobetu; eta abar.

Etxebizitza: Arreta berezia behar duten gizataldeei alokairuko etxebizitza merkeak eskaini; hutsik dauden 5.000 etxebizitza libre merkaturatu; etorkinei, gutxiengo etnikoei eta oinarrizko errentaren jasotzaileei etxebizitzak erreserbatu; eta abar.

Osasuna: Gaixotasunen prebentzio programak mantendu eta hobetu; osasun arretaren legezko estaldura zabaldu, bazterkeria arriskuan dauden pertsona guztiak har ditzan; eta abar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.