Gizon bat atxilotu dute, alabaordeari hamar urtez sexu abusuak egitea egotzita

Adingabearen esanetan, azken hamar urteetan izan dira erasoak; Gipuzkoan bi indarkeria kasu salatu dituzte

Erredakzioa
Bilbo
2010eko urriaren 6a
00:00
Entzun
Ertzaintzak 42 urteko gizon bat atxilotu zuen herenegun Portugaleten (Bizkaia), adingabeko alabaordeari sexu abusuak egitea leporatuta. Alabaordeak berak jarri zuen salaketa Muskizko ertzain etxean (Bizkaia). Salaketa jartzean, 15 urteko neskak jakinarazi zuen berak 5 urte zituenetik errepikatu dela gertaera, alegia, hamar urtez jarraian.

Salaketa jarri ostean, Ertzaintzak lagundurik, adingabearen etxera joan ziren. Neskaren ugazaita eskailera buruan topatu zuten ertzainek, eta bertan atxilotu zuten, ustez sexu abusuak egiteagatik.

Horrez gain, azken egunetan gertatutako beste bi genero indarkeria kasuren berri eman du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak, biak Gipuzkoan. Oiartzunen 59 urteko gizon bat atxilotu zuten astelehenean, emazteari eta bien semeari eraso egitea leporatuta.

Ertzaintzak dei bat jaso zuen astelehen goizeko zortzietan, gertaeraren berri emanez; ustezko erasotzailearen semeak deitu zuen, eta gizonak emakumeari eraso egin ziola azaldu zuen, eta, liskarra baretzen saiatu zen arren, ez zuela lortu jakinarazi zion Ertzaintzari. Are gehiago, gizonak semeari ere eraso egin zion.

Zauritutako bi pertsonak osasun etxe batera eraman zituen Ertzaintzak, eta gizona polizia etxera eraman zuen, atxilo hartuta. Atzo goizean epailearen aurretik igaro zela jakinarazi du Herrizaingo Sailak.

Errenterian atxilotu zuen Ertzaintzak beste gizon bat, emakume bati ukitzeak egiteagatik, indarkeriaz jokatzeagatik eta heriotza mehatxuak egiteagatik. Larunbatean gertatu zen erasoa, baina ez zen emakumearengana gerturatzen zen lehen aldia, Herrizaingo Sailak azaldutakoaren arabera. Emakumeak salatu zuen hainbatetan jaso dituela gizonaren proposamenak, baina aurreko larunbatera arte ez zela erasorik gertatu.

Larunbatean Errenteriako plaza batean topo egin zuten, eta hitz egiten ari ziren bitartean bularrak ukitzen saiatu zen gizona, eta kamiseta ere apurtu zion. Horrez gain, heriotza mehatxuak egin zizkion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.