Gizonezko bat atxilotu zuten atzo Barakaldon (Bizkaia) ertzainek, bikotekidea hiltzea leporatuta. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak aditzera eman duenez, emakumearen hilotza asteazkenean aurkitu zuten, 15:00etan, bere etxean, San Bartolome kalean. Nola hil zen argitzeko asmoz, autopsia egitera eraman zuten emakumearen gorpua. Eta, hain justu, auzi-medikuen txostenean oinarrituta erabaki zuten atzo ertzainek emakumearen bikotekidea atxilotuta eramatea.
Antza, autopsia egitean indarkeria zantzuak aurkitu dituzte hilotzean, eta, ustez, bikotekideak hil zuen, ertzainen arabera. Hildakoa 38 urteko emakume bat zen. Ustezko hiltzaileari buruzko daturik ez du publiko egin Herrizaingo Sailak. Hildako emakumearen izenik ere ez dute jakinarazi.
Urteko zazpigarren emakumea
Aurten Euskal Herrian inguruko gizonek (bikotekideak, bikotekide ohiak, senideren batek eta lagunek) hildako zazpigarren emakumea da Barakaldokoa. Lehengo astean Bilboko Miribilla auzoan gizonezko bat atxilotu zuten, ama hil zuelakoan.