Astearte goizean atxilotu zuten gizonezkoa, ustez astelehen gauean emakume bati sexu erasoa egin ziolakoan. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzari berri eman zioten emakume bat erietxean artatzen ari zirela sexu eraso baten ondorioz. Zauriak zituen aurpegian eta belaunetan, batez ere.
Erietxera joan ziren ertzainak, eta emakumeak azaldu zien haren etxean egin ziola eraso ezagun batek. Adierazi zuenez, gizona bere etxera joan zen, eta harreman sexualak izateko eskatu zion. Emakumeak ezezkoa erantzunda, erasotzaileak heldu, lurrera bota, eta ukituak egin zizkion, ahoa estaltzearekin batera. Ihes egin ahal izan zuen andreak, eta etxetik joan zen erasotzailea.
Ikerketa martxan jarri zuen Ertzaintzak, eta asteartean 10:00ak aldera atzeman zuten ustezko erasotzailea. Epailearen aurretik igaro zen asteartean bertan, eta emakumearengandik urruntzeko agindua ezarri diote.