Gizon bat atxilotu dute, bikotekide ohia beisbol bate batekin jo duelakoan

Ertzaintzak 33 urteko gizonezko bat atzeman du Sestaon, andre bati sexu erasoa egin diolako ustez

Cristina Estebanezen hilketa salatzeko Bilbon iazko abenduan eginiko elkarretaratzea. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2011ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Ertzaintzak 45 urteko gizonezko bat atxilotu zuen igandean Arrasaten (Gipuzkoa), bikotekide ohia metalezko beisbol bate batekin jo zuela leporatuta. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak emandako informazioaren arabera, gizonak buruan eman zion kolpea emakumeari, azken horren etxebizitzan, eta han zeuden beste pertsonek galarazi zioten berriro erasotzea.

Emakumeak adierazi zuenez, erasoa arratsalde hasieran gertatu zen, 15:30 aldera. Haren arabera, gizonak lehendabizi mehatxu egin zion atariko telefonotik, eta jarrera erasokorra erakutsi ondoren, etxebizitzara sartzea lortu zuen. Gizonak aldean beisbol bate bat zeramala ikusita, gela batean ezkutatzen saiatu zen, baina gizonak harrapatu eta buruan jo zuen, emakumearen lagun bat geldiarazten saiatu zen arren. Bi emakumeen artean batea kendu zioten eta gizonak alde egin zuen, baina minutu batzuk geroago Ertzaintzak atxilotu egin zuen, etxebizitzatik gertu, genero indarkeria delitua egotzita. Emakumea Arrasateko ospitalean artatu behar izan zuten.

Ez da emakumeen kontrako bortizkeriari lotuta azken egunetan izan den atxiloketa bakarra. Larunbatean Gasteizko Udaltzaingoak 60 urteko gizon bat atzeman zuen Zabalgana auzoan, emazteari erasotzeagatik ustez. Zabalgana Batuz auzo elkarteak jakinarazi duenez, bizilagun batzuek eztabaida gogorra entzun zuten, eta etxebizitzatik kalera hainbat aulki bota zituztela ikusita, udaltzainak bikotearen etxera joan ziren 20:30 aldera. Emakumeak ez zuen salaketarik jarri nahi izan, baina gizona atxilotu egin zuten. Andreak hainbat lesio eta atzamarka zituen.

Bilbon, berriz, gizon bat urruntze agindua bete ez izana leporatuta hartu zuten atxilo larunbatean. Bilboko epaitegi baten agindua du gizonezkoak, eta debekatuta dauka biktimarengandik 500 metro baino gertuagora hurbiltzea. Udalak jakinarazi du gizonak Funikular plazan utzi zuela autoa eta emakumea han zegoela adiskide batzuekin. Andreak dei egin zion Udaltzaingoari, eta agenteek gizona atxilotu eta epailearengana eraman zuten.

Bortxaketa bat Sestaon

Bestalde, Ertzaintzak 33 urteko gizon bat atxilotu zuen ostiralean Sestaon (Bizkaia), bikotekidea labana batekin mehatxatu eta hari sexu erasoa egin izana egotzita. Gizona espetxeratzeko agindua eman zuen atzo epaileak.

Herrizaingo Sailak adierazi duenez, hainbat lagunek partekatzen duten pisu batean jazo zen erasoa. Poliziak jasotako salaketaren arabera, ostiral goizean emakumea etxebizitzako sukaldean zegoen, eta harekin maitasun harremana zuen gizonak lepotik hartu eta indarrez eraman zuen logela batera. Bidean labana bat ere erakutsi zion. Hainbat gorbatarekin ahoa estali eta eskuak bizkarretik lotu zizkion. Emakumea bortxatu ondoren, heriotza mehatxuak egin zizkion eta zangoetatik ohera lotu zuen.

Une horretan, beste neska bat iritsi zen etxera, eta, lepotik helduta, erasotzaileak bestelogela batera eraman zuen. Emakume hori ere ohera lotu zuen. Bitartean, bortxatutako andrea askatu egin zen, etxebizitzatik irten eta laguntza eske hasi zen. Gizona haren atzetik joan zen, baina hainbat bizilagunekin topo egin eta gero, ihes egin zuen.

Biktimaartatu ondoren, Ertzaintza erasotzailea bilatzen hasi zen, eta Tres Concejos plazan aurkitu zuen. Sexu erasoa leporatuta, atxilotu egin zuten, eta epailearengana eraman ondoren, hark Basauriko kartzelan espetxeratzeko agindua eman zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.