Gizon bat atxilotu dute, bikotekide ohiari sexu erasoa egitea leporatuta

Bortxatzen zuen bitartean heriotza mehatxuak egin zizkiola esplikatu du emakumeak

Erredakzioa
Bilbo
2010eko martxoaren 16a
00:00
Entzun
35 urteko gizaseme bat atxilotu dute ertzainek Gasteizen, bikotekide ohia bortxatzea leporatuta. Igandean Bilboko polizia etxe batera jo zuen emakumeak, eta han jarri zuen salaketa. Bezperan familia ospakizun baten harira semearekin batera Gasteizera joan zela azaldu zuen, eta bikotekide ohiarekin topo egin zuela. Bortxatu egin zuela azaldu zuen, eta bortxatzen zuen bitartean heriotza mehatxuak egin zizkiola.Emakumearen salaketa jaso, eta Gasteizera jo zuten ertzainek, ustezko erasotzailearen bila. Atxilotu eta polizia etxera eraman zuten.

Bilbon, berriz, 30 urteko gizon bat atxilotu zuten igande iluntzean, emazteari erasoak eta mehatxuak egitea leporatuta. San Ignazio auzoko etxe batetik deitu zuen andrazko batek, erasoaren berri emateko. Senarrak jo egin zuela azaldu zuen, eta tratu txarrak, gainera, ohikoak izaten zirela azaldu zuen. Oso izututa zegoela azaldu zuen, bikotekideak etenik gabe mehatxatzen zuela.

Ertzainak ustezko biktimaren etxera heldu zirenean, emakumeak berak egin zien harrera, eta aurpegia gorrituta zeukala ikusi zuten.Senarrak emandako zaplazteko batengandik zela azaldu zien. Egun batzuk lehenago ere eraso ziola azaldu zuen andrazkoak, baina orduko hartan ez zela ausartu gizonaren aurkako salaketarik jartzen. Ertzainek zabaldutako informazioaren arabera, «guztiz izututa» bizi zen emakumea, bikotekidearen eraso eta mehatxuen beldur.

Ustezko erasotzailea etxeko gela batean zegoen, eta ertzainek berehala atxilotu zuten, genero indarkeria delitua egotzita. Emakumea, berriz, osasun etxe batera eraman zuten, han arta zezaten.

Elkarretaratzea Abadiñon

Abadiñoko Udalak (Bizkaia) genero indarkeriaren aurkako elkarretaratzea antolatu zuen atzo arratsalderako, lehengo astean herriko emakume batek ustez senarraren partetik jaso zuen erasoa salatzeko asmoz. Abadiñoko alkate Jose Luis Navarroren aburuz,«gaitzespena eta arbuioa» erakutsi behar dira genero indarkeria kasuen kontra. Emakume elkarteekin batera deitu zuen elkarretaratzera Udalak.

Abadiñoko erasoaren berri ostiral iluntzean eman zuen Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak. Gizon batek emazteari eraso ziola azaldu zuen, eta ihes egin zuela ondoren. Emakumea anbulantzian erietxera eraman behar izan zuten, medikuek arta zezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.