Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azaldu duenez, joan den larunbatean hasi zen bahiketa: 37 urteko gizonezko batek emakume bat jo zuen —bikotekide ohia da—, eta etxe batera eraman. Geroztik, bahituta eduki du andrea atzo arte, eta irainak, gutxiesteak, eraso fisikoak eta sexu erasoak egin zizkion. Hala jaso du Ertzaintzak andreak aurkeztutako salaketan. Atzo, Bilboko ospitale batera eramateko eskatu zion andreak gizonari, ondoezik zegoela esanez. Han zirela jakindakoan agertu zen Ertzaintza.
Gizonak datu faltsuak eman zituen hasieran, eta, poliziak agertzean, haietako bati eraso zion, eta ihes egiten saiatu zen. Atxilotu egin zuten azkenean. Emakumea legez kanpo atxikitzea leporatu dio Ertzaintzak gizonezkoari.
Ospitalean, artatu egin behar izan zuten emakumea, zaurituta baitzegoen. Gizonezkoak andre horrengandik urrun egoteko agindua zuen; gutxienez, bi. Bilboko auzitegi batek eta Eivissako (Herrialde Katalanak) beste batek emanak zituzten urruntze aginduak.
Beste atxilotu bat, Gasteizen, urruntze aginduarekin
Beste bi atxiloketa ere egin zituzten atzo, Gasteizko Udalak gaur jakinarazi duenez. Batetik, 20 urteko gizon bat atxilotu zuten, bikotekide ohiari eraso egitea egotzita: iraindu egin zuen, bultza egin zion, eta entzungailuak lapurtu zizkion. Mutilak emakumearengandik urrun egoteko agindua zuen, eta udaltzainek atxilotu egin zuten, emakumeak erasoaren berri eman ondoren.
Bestetik, 32 uteko beste gizon bat ere atxilotu zuten atzo Gasteizen, bikodekide ohi emakumezkoarengandik urrun egoteko agindua urratzeagatik. Asteazkenean, 25 urte beste gizon bat atxilotu zuten, hura ere bikotekide ohiari eraso egitea leporatuta.