Gizon bat atxilotu dute Bilbon, andre bati sexu eraso bat egitea egotzita

Erredakzioa
Bilbo
2011ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Ostiralean gizonezko bat atxilotu zuten ertzainek Bilbon; andrazko bati sexu eraso bat egitea leporatzen diote, eta ondoren, gainera, hari lapurretan egitea. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, San Adrian auzoan izan zen jazoera: lanerako bidean zihoan andre bat, eta, ezkaratz batean sartu zenean, bortxaz hurbildu zitzaion gizonezkoa. Ertzainek azaldu dutenez, ukituak egin zizkion, eta andreak kontra egin zionean oso bortitz jokatu zuen; ukabilkadaka eta ostikoka aritu zen emakumearen kontra. Alde egitean, berriz, eskuko zorroa kendu zion. 24 urte ditu ustezko erasotzaileak.

Bordeleko Auzitegiak jakinarazi du, bestalde, 15 urteko kartzela zigorra ezarri diola Baionako fiskal ohi Christian Goyri. Bost adingabe bortxatzea leporatuta ezarri diote zigorra. 1978-1995ko sasoian izan ziren erasoak, eta 2006an izan zen horien berri, biktimetako batek hitz egin zuenean. Lasarte-Orian, berriz, bederatzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote 80 urteko gizon bati emazteari mehatxuak egitea leporatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.