Bi gizon atxilotu ditu Ertzaintzak, bat Gasteizen eta bestea Bilbon, nork bere bikotekidea jotzea egotzita. Bi atxilotuak epailearen esku daude jada.
Bilboko erasoa eguerdian izan zen: emakumeak berak deitu zuen SOS Deietara, bikotekideak jo egin zuela esanez. Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, portaleko eskaileretan topatu zuten andrea, eta, eztabaida baten ostean, bikotekideak irain eta mehatxuak egin zizkiola baieztatu zien, eta hainbatetan jo zuela. Etxean bertan atxilotu zuten 47 urteko gizona. Emakumea, berriz, Basurtuko Ospitalera eraman zuten, besoan eta buruan zituen kolpeak artatzeko.
Gasteizko erasoa, berriz, gauean izan zen, eta bizilagunek deitu zieten ertzainei, auzoko baten etxean eraso bat gertatzen ari zela esanez. Emakumeak baieztatu zuen haren bikotekideak jo egin zuela, eta han bertan atxilotu zuten gizona. Andrea Santiago Ospitalera eraman zuten.