GENERO INDARKERIA

Gizon bat atxilotu dute Bilbon, ustez emakume bati ukituak egiteagatik

Bestalde, bikote bat atzeman du Ertzaintzak elkarri eraso egin diotelakoan.

Berria.info
2012ko abuztuaren 13a
17:23
Entzun

Ertzaintzak 38 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo, emakume bati sexu erasoak egin izana egotzita. Herrizaingo Sailaren arabera, gizonezkoa emakumeak lan egiten duen lantokira sartu zen goizeko bederatzi eta erdiak aldera, eta han iraindu, eta ukituak egin zizkion haren onarpenik gabe. 

Lekuko batek emakumearen oihuak entzun zituen, eta erasotzailea urrundu zuen. Lekuko horrek berak jakinarazi zion handik ordu eta erdira erasotzailea inguru hartan zebilela, eta hala atxilotu ahal izan zuen poliziak. 

Bilbon bertan, arratsaldean, bikote bat atzeman du Ertzaintzak elkarri eraso egitea egotzita —34 urteko emakumezkoa eta 38ko gizonezkoa dira atxilotuak—.

Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, arratsaldeko sei eta erdiak aldera, emakumezko batek Ertzaintzari hots egin zion bikotekidea erasotzen ari zitzaiola eta, Bilboko Bolueta auzoko euren etxean. Polizia hara joan zen, eta bi kideak zauriturik aurkitu zituen; emakumeak ebakia zuen beso batean, eta ubeldurik zeukan gorputza, eta gizonak, berriz, besoan zauria zuen. Ertzaintzak biak atxilotu zituen, elkarri eraso egin ziotelakoan. Basurtuko ospitalean eta Deustuko osasun etxean artatu dituzte, hurrenez hurren, eta jada epailearen eskuetan jarri dituzte.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.