INDARKERIA MATXISTA

Gizon bat atxilotu dute Bokalen, Uztaritzeko hilketarekin lotuta

38 urteko gizonezkoa da atxilotua; haren aztarna biologikoak aurkitu zituzten Uztaritzeko etxean. Aurrekariak ditu lapurreta eta suntsiketagatik, eta arazo psikiatrikoak diagnostikatuak dizkiote. Hildako emakumea bortxatu egin zutela erakutsi du autopsiak.

Emakume hilik aurkitu zuten etxe inguruko biea, jendarmeek moztuta, joan den ostiralean. AURORE LUCAS
Ekhi Erremundegi Beloki.
2017ko irailaren 18a
08:26
Entzun

Baionako prokuradoreak jakinarazi duenez, 38 urteko gizon bat atxilotu dute igande eguerdian Bokalen, Uztaritzen hilda aurkitatutako emakumearen kasuan susmagarri gisa. Atzo arratsaldean eman zuen prentsaurrekoa, jendarmeriako buruez inguraturik. Adierazi dutenez, hildakoaren etxean bere aztarnak aurkitu zituztelako, joan den ostiraletik zebiltzan haren bila. Aurrekariak ditu lapurreta eta suntsiketagatik, eta arazo psikiatrikoak diagnostikatuak dizkiote —arazo horiegatik erietxean egona dela argitu du Samuel Vuelta Simon prokuradoreak—. Atxilotu dutenean, lapurtutako furgoneta batean zihoan, eta istripua izan du jendarmeria segika zuela. 

Prokuradorearen iritziz, lehen elementuek "haren inplikazioa erakusten dute", eta "a priori" ez dago beste susmagarririk. Hala ere, errugabetasun presuntzioa errespetatu behar dela azpimarratu du, eta instrukzioak erakutsi beharko duela zer gertatu zen eta zein izan zen gaur atxilotutako gizonaren parte hartzea.

Asteazken gauean agertu zen hilda Uztaritzen 23 urteko emakumea, ohean, hankak eta eskuak loturik, eta ahoan mozala zuela. Autopsiak erakutsi du hil aurretik bortxatu egin zutela. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.