Atzo arratsaldeko 18:00etan jaso zuen Ertzaintzak erasoen abisua. Gertakarien lekura hurbildu zirenean, emakume bat topatu zuten kaleko eserleku batean eserita: oso urduri zegoen, ebakiak zituen besoetan eta aurpegia guztiz gorrituta zeukan.
Andreak esan zien ertzainei eztabaida bat izan zuela senarrarekin, beren etxean, eta aurpegian kolpatu zuela gizonak eta beirazko ate baten kontra bota zuela. Hain zuzen ere, kristalak hautsi egin ziren, eta horrek eragin zizkion besoetako ebakiak.
Nolanahi ere, emakumeak etxetik alde egin ahal izan zuen, eta tratu txarren abisua eman ahal izan zuen. Gainera, ez zela senarrak jotzen zuen aurreneko aldia adierazi zion Ertzaintzari.
Hori guztia entzunda, bikotearen etxebizitzara joan ziren ertzainak, eta han 37 urteko J.C.S.E. atxilotu zuten,"etxeko indarkeria" delituaz akusatuta.
Emakumea osasun zentro batera eraman zuten zauriak senda ziezaizkioten. Gizona, berriz, gaur geratuko da epailearen esku.
Emakumeen kontrako indarkeria
Gizon bat atxilotu dute Donostian emaztea jo duelakoan
Ertzaintzak 37 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo arratsaldean Donostiako Amara auzoan, ustez emaztea jo zuelako. Andreak berak salatu zuen gizona: ebakiak zituen besoetan eta aurpegia kolpatuta. Hain justu, osasun zentro batera eraman behar izan zuten senda zezaten. Gizona, berriz, gaur geratuko da epailearen esku.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu