Indarkeria matxista

Gizon bat atxilotu dute Donostian eta beste bat Gasteizen, sexu erasoengatik

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi du 18 urteko gizon bat atxilotu dutela Donostian, etxebizitza batean emakume adingabe bati sexu erasoa egiteagatik. Gasteizko atxilotuari, berriz, neska bati ukituak egitea leporatzen diote.

Indarkeria matxistaren aurkako manifestazioa iaz, Donostiako Aste Nagusian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2019ko abuztuaren 6a
07:14
Entzun

Donostian, sexu erasoa jasan duen adingabeak atzo aurkeztu zuen salaketa, eta handik ordu gutxira atxilotu zuten gizonezko gaztea. Ertzaintzaren arabera, astelehen gauean jazo zen erasoa, Donostiako etxebizitza batean. Atxilotua epailearen esku utzi du Poliziak gaur, 18:00ak aldera. Hark, ordea, atxiloaldia luzatzeko agindua eman du, eta Ertzaintzaren zaintzapean geratu da berriz 18 urteko atxilotua. Bihar dira eramatekoak berriz epailearengana.

Donostiako Udalak erasoa gaitzetsi du, eta Eneko Goia alkateak adierazi du gertakariak "oso larriak eta guztiz onartezinak" direla. Bihar eguerdian elkarretaratzea egingo dute udaletxe aurrean, eta bertara batzeko deia egin die herritarrei.

Bestalde, Gasteizko Udaltzaingoak 38 urteko gizonezko bat atxilotu du, neska gazte bati ukituak egitea egotzita. Udaltzaingoko iturriek adierazi diotenez, gizonezkoak astearte gauean egin zizkion ukituak neskari, 23:30ak aldera, gaztea bere familiarekin batera paseatzen ari zela. Gizonezkoak ihes egin zuen segidan, baina biktimaren senideek minutu gutxi barru atzematea lortu zuten, eta atxikita mantendu zuten udaltzainak iritsi arte. Erasotzailea epailearen esku utzi dute gaur goizean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.