Jasotako kolpeen ondorioz, Donostiako ospitale bateko larrialdi zerbitzuetara jo behar izan du emakumeak —haurdun dago—, eta tokian bertan azaldu du bikotekideak egunak daramatzala bera jotzen. Aizto batekin mehatxu ere egin diola gehitu du biktimak. Atzo arratsaldean atxilotu zuten 32 urteko gizona, eta goizean eraman dute epailearen aurrera.
Beste gizon bat atxilotu dute goizaldean Bilbon, emakume bati aizto batekin eraso egiteagatik eta gogoz kontra auto batean atxikita edukitzeagatik. Goizaldeko laurak aldera, emakumeak Ertzaintzara jo du Miribilla auzoan, gizon batek eraso egin diola salatzeko. Aurpegian kolpea eta eskuan zauria zituen biktimak, gizonarengandik ihes egiten saiatu denean egindakoak, antza. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zehaztu duenez, gertakariak izan diren inguruan atxilotu dute 58 urteko gizonezkoa, emakumeari lesioak eta mehatxuak egiteagatik.