Ertzaintzak atxilotu du gizonezkoa Durangon, Bizkaian, bikotekidea jo eta hari mehatxu egitea egotzita. Atzo arratsaldean, 19:00 aldera, abisu bat jaso zuen Ertzaintzak; gazte batek ohartarazi zien ama indarkeria zantzuekin topatu zuela etxean.
Bertara joan ziren poliziak, eta baieztatu zuten kolpeak eta ubelduak zituela gorputz osoan. Gazteak azaldu zien emakumeak lehenago ere jasan izan dituela tratu txarrak bikotekidearen aldetik. Biktimak poliziei adierazi zien bikotekideak galarazi egin ziola etxetik ateratzea, eta egun batzuk lehenago jo eta mehatxatu egin zuela. Erietxera eraman zuten andrea.
Gela batean zegoen gizonezkoa. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, maleta egiten ari zen, etxetik joateko. Atxilo hartu zuten ertzainek, genero indarkeria delituak egitea egotzita.