Ertzaintzak jakinarazi duenez, gizonezko bat atxilotu dute Durangon (Bizkaia), emakumeko bati heriotza mehatxua egiteagatik. Erasotzailea eta biktima etxe berean bizi ziren, Durangon bertan.
Atzo arratsaldean gertatu zen erasoa. Ertzaintzaren bozeramaile batek Efe berri agentziari adierazi dionez, gizonezkoa 19:30 inguruan itzuli zen etxebizitzara, antza, alkoholaren eraginpean. Gizonezkoa eta andrazkoa ika-mikan hasi ziren orduan, eta gizonezkoak etxeko zenbait objekturen kontra ere egin zuen.
Emakumezkoak etxetik alde egin zuen, eta Ertzaintzaren komisariara jo, gertatutakoa azaltzera. Ondoren, Ertzaintzaren patruila batekin batera, etxera itzuli zen bere gauzak hartzera. Sartu zenean, gizonezkoak heriotza mehatxua egin zion bi aldiz, eta emakumezkoarekin etxera joandako agenteek identifikatu eta atxilotu egin zuten, indarkeria matxistako delitu bat egotzita.
Durangoko Udalak «irmoki gaitzetsi» du gertatutakoa, eta nabarmendu du indarkeria matxistaren bidez giza eskubideak «larriki» urratzen direla. Gisa horretako erasoak salatzeko mugimendu feministak antolatutako mobilizazioetan parte hartzera deitu du.