Gizon bat atxilotu dute, emakume bat bortxatzea egotzita

Lana eskaini zion, eta bere etxera joanarazi zuen; han, labanaz mehatxatu, eta eta bortxatu egin zuen

Erredakzioa
2011ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Gizon bat atxilotu dute Getxon(Bizkaia), emakume bat bortxatzea egotzita. Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, sare sozialen bidez jarri ziren harremanetan gizon-emakumeak, eta gizonezkoak lana eskaini zion. Lan baldintzak zehazteko asmoarekin haren etxera joan zenean, ordea,gizonak bortxatu egin zuen. Getxoko ertzainek asteazken iluntzean atxilotu zuten gizonezkoa, 26 urtekoa.

Emakumeak salaketan adierazi duenez, Interneteko sare sozialbaten bidez ezagutu zuen gizona. Ustezko bortxatzaileak lana eskaini zion, eta bere etxean elkartzekotan geratu ziren. Hara iritsitakoan, ordea, arropa kentzeko eskatu zion emakumeari. Ezezkoa eman zion, eta haserreturik, labana bat hartu eta emakumea mehatxatu zuen. Segidan, bortxatu egin zuen.

Emakumeak salaketa jarri zuen eguerdian Getxoko polizia etxean, eta haiek ikerketa hasi zuten. Handik ordu batzuetara, asteazken iluntzean, atxilotu egin zuten gizona, sexu erasoa egitea egotzita. Gizonezkoak aurrekariak ditu, era horretako delituak egiteagatik. Atzo goizean epaile aurrera eraman zuten, kasuaren nondik norakoak argitu ostean.

Orain aste batzuk ere beste salaketa bat jarri zuen emakume batek Getxon. Gizon batek atzetik jarraitu zion etxera bidean zihoala, eta sexu erasoa egiten ahalegindu zen. Emakumea ezkutatu egin zen, eta ihes egitea lortu zuen.

Exhibizionismoa Bilbon

Bilbon 65 urteko gizon bat atxilotu zuten ostegunean, adingabe batzuen aurrean masturbatzen ari zelako. Gizona haurrentzako parke bateko banku batean eserita zegoen, eta emakume batek Ertzaintzari abisua eman zion, gizonaren jarrera susmagarriaz oharturik.

Bertaratu zen patruilak berehala atzeman zuen andreak deskribatutako gizona. Identifikatzeko eskatu ostean, galtzetako kremailera irekita eta alkandora zabalik zeukala ikusi zuten. Antzeko kasuengatik aurrekariak ditu gizonak. Atxilotu egin zuten, eta polizia egoitzara eraman, ohiko prozedura aurrera eramateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.