Gizon bat atxilotu dute asteburuan Bilbon, koinatari erasotzea egotzita, eta beste bat Gasteizen, bikotekide ohiari eraso diolakoan. Bi kasuetan udaltzainek atxilotu dituzte ustezko erasotzaileak, biktimek ohartarazita.
Gasteizen, 38 urteko gizon bat atxilotu zuten udaltzainek, bikotekideari ostikadak ematea egotzita. Urruntze agindu batek babestuta egon zen biktima, baina dagoeneko baliogabetua zegoen. Lekukoek biktimaren bertsioa berretsi zuten, ustezko erasotzailea ostikoka ikusi zutela esanez.
Bilbon, 34 urteko gizon bat atxilotu zuten udaltzainek larunbatean, koinatak aurpegian jo eta laban batekin mehatxatu zuela salatu baitzuen. Atzemateko unean, bi laban aurkitu zizkioten gizonari gerrian gordeta, udalak jakinarazi duenez.
Udaltzainen hitzetan, ustezko erasoa 01:00 aldera gertatu zen, ustezko erasotzailea bikotekide ohia eta bere bi haur adingabe bizi diren etxera deika aritu ostean. Udaltzainek gaineratu dute ez dela gizon horrek bikotekide ohia mehatxatzen duen lehen aldia.
Ustezko beste eraso bat
Bart beste gizon bat atxilotu dute udaltzainek Bilboko San Frantzisko kalean, emakume bati eraso egitea leporatuta.
Lekukoek azaldu dutenez, ustezko erasotzailea edanda zegoen, eta ehun euro lapurtu izana egozten zien ingurukoei. Horrela, ondoan zuen emakume bat jo bide zuen.