Gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak herenegun gauean, Gasteizen, ustez bikotekideari eraso egin ziolakoan. Erasoa gertatu zen unean, emakumearen bi haurrak etxebizitzan bertan zeuden.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak berri eman duenez, herenegun, 22:00etan, jaso zuen Ertzaintzak etxebizitzara joateko abisua. Ustezko erasoa jasan zuen emakumeak berak deitu zuen. Etxera heldu zirenean, emakumea bera aurkitu zuten ertzainek, bi haurrekin eta ustezko erasotzailearekin. Emakumea odoletan ari zen sudurretik, eta atzamarkadak zituen besoetan eta lepoan. Arropa ere odolez zikindua zuen.
Zauri horiek guztiak bikotekideak egin zizkiola salatu zuen emakumeak ertzainen aurrean. Areago, adierazi zuen ez zela bikotekidearen erasoa jasaten zuen lehendabiziko aldia. Salaketa hori ikusita, gizona atxilotu egin zuten ertzainek, bikotekideari lesioak eragitea eta tratu txarrak behin baino gehiagotan ematea leporatuta. Gizona etxean bertan zegoen ertzainek atzeman zuten unean.
Zituen zauriak artatzeko, emakumea Gasteizko osasun etxe batera eraman zuten. Bikotekidea, berriz, atzo goizean utzi zuten Gasteizko Auzitegiko epailearen esku. Herrizaingo Sailaren arabera, aurrekariak ditu.
Gizon bat atxilotu dute Gasteizen, bikotekideari eraso egin diolakoan
Ertzaintzaren arabera, umeen aurrean jo dio ustezko erasotzaileak emazteari, eta etxean bertan atxilotu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu