Gizon bat atxilotu dute Gasteizen, indarkeria matxistagatik eta polizia bat jotzeagatik

Bi bikote ere atxilotu dituzte Gasteizen bertan, bikotekideek elkarri eraso egitea egotzita.

Sexu erasoak salatzeko protesta bat, Tolosan. GORKA RUBIO / FOKU
Sexu erasoak salatzeko protesta bat, Tolosan. GORKA RUBIO / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko apirilaren 2a
17:55
Entzun

Udaltzaingoak 44 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo Gasteizen, indarkeria matxistagatik —bikotekide ohiari eraso egin zion— eta polizia bat jotzeagatik. Udalak gaur jakinarazi duenez, poliziak Enrique Eguren kalera joateko dei bat jaso zuen, borroka bat gertatzen ari baitzen. Bertan, emakume batekin egin zuten topo; gizon bat ere bazegoen harekin. Dirudienez, ibilgailura zihoazela, bikotekide ohia saiatu zen emakumeak alde egin ez zezan, eta autoaren leihatila behin eta berriz jo zuen. Poliziak gizona atxilotu zuen, eta ospitalera eraman. Bertan, zaintzen ari zen agenteari oldartu zitzaion.

Bestalde, Gasteizen bertan, udaltzaingoak bikote bat atxilotu du Aste Santuko zubian, elkarri eraso egitea egotzita. Udalak jakinarazi duenez, igande arratsaldean 65 urteko gizon bat eta 33 urteko emakume bat atxilotu zituen Udaltzaingoak, eta, indarkeria matxista eta «etxeko indarkeria» egotzita, ikerketa zabalik dago. Taxista batek eman zien abisua poliziei. Azaldu zienez, taxian hartutako andre batek esan zion bikotekideak eraso egin ziola. Udaltzainek emakumearekin hitz egin zuten. Eta, ondoren, bikotekidearen etxera jo zuten. Gizonak aipatu zuenez, eztabaida bat izan zuten, eta andreak ere eraso egin zion. Udaltzainek ospitalera eraman zituzten bi herritarrak, zauriak sendatzeko, eta, gero, biak atxilotu zituzten.

Bestalde, 56 urteko gizon bat eta 35 urteko emakume bat atxilotu zituen poliziak igande arratsaldean. Gizonak laguntza eskatu zuen, bikotekideak eraso egin ziola eta. Mendizorrotza auzoko etxebizitza batean zegoen orduan. Poliziak bertaratu egin ziren, eta biekin hitz egin zuten. Azaldu zutenez, eztabaida bat izan, eta elkarri eraso zioten. Etxean ere kalteak eragin zituzten. Hortaz, biak atxilotu zituzten, eta beste ikerketa bat zabaldu dute, indarkeria matxistagatik eta «etxeko indarkeriagatik».

Eraso matxista bat Barakaldon

Emakume batek eraso matxista bat jasan zuen ostiral eguerdian Barakaldon. Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, andrea ibilgailu baten barruan zegoen, eta gizon batek bularra ukitu zion kanpoko aldetik. Lasesarre inguruan gertatu zen.

Udalak erabat gaitzetsi du erasoa, eta gaur goizean erantzun publikoa emateko protokoloa abiarazi du, andreak baiezkoa eman eta gero. Halaber, elkarretaratzera deitu dute biharko. Eguerdian bilduko dira, Herriko Plazan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.