Gizonezko bat atzeman zuten astelehen goizaldean Irunen (Gipuzkoa), bikotekideari eraso egin eta etxeari su ematen saiatu zelakoan. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi du 06:00ak aldera jaso zuela deia Ertzaintzak; bizilagun batek hots egin zuen larrialdi zerbitzura, esanez etxera joan zitzaiola andrea, bikotekidearengandik ihesi.
Andrea ospitalera eraman behar izan zuten. Ertzainak gizona atxilotzen saiatu ziren, baina, Segurtasun Sailaren arabera, labana batekin mehatxu egin zien. Bikotearen alabak etxeko giltza emanda lortu zuten etxe barrura sartzea ertzainek. Orduan ohartu ziren sua piztu zuela gizonak: eskuoihal bati su eman zion, eta egurrezko lurrari, eta armairu bat erretzen ari zen. Etxe barruan pertsona ezindu bat zegoen.
Atxilotu ostean, auzitegira eraman dute gizona. Bikotekidearengandik urruntzeko agindua ezarri dio epaileak.