Sexu erasoak

Gizon bat atxilotu dute Irunen eta adingabe bat Txantrean, sexu erasoak egotzita

Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Donostian, auto baten barruan emakume bati eraso egitea egotzita.

Foruzaingoak Beloson (Iruñea) duen komisariaren artxiboko irudia. JESUS DIGES / EFE
Foruzaingoak Beloson (Iruñea) duen komisariaren artxiboko irudia. JESUS DIGES / EFE
pettan uralde
2024ko maiatzaren 6a
09:40
Entzun

Adingabe bat atxilotu dute asteburuan Iruñean, beste adingabe bati sexu eraso bat egitea egotzita. Nafarroako hiriburuko Txantrea auzoko jaietan gertatu zen, eta Foruzaingoak egilea atxilotu du. Erasotzaileak 16 urte ditu, eta biktimak, berriz, 15.

Adingabeak sexu praktikak egitera behartu zuen salatzailea, haren borondatearen aurka. Atzoko 19:30ean elkarretaratzea egin zuten txosnetan, erasoa gaitzesteko. Itaiak deitu zuen protestara, eta esan zuten «Txantreako jaietan hainbat eraso matxista salatu» direla. «Ezinbestekoa da emakume langileok jasaten ditugun erasoen aurkako erantzun eraginkorrak garatzea», gaineratu zuten.

Irunen, berriz, indarkeriazko delituengatik aurrekariak dituen 30 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo, sexu eraso bat egitea egotzita. Gaur utzi dute epailearen esku, eta espetxera bidaltzea erabaki du hark.

Gertakaria igande goizean izan zen, 8:30 aldera, Plaiaundi parkean, biktima bere txakurrarekin paseatzen ari zela. Inor ez zegoen une batean, gizona emakumeari hurbildu zitzaion, eta lepotik gogor heldu zion, immobilizatzeko asmoz. Emakumea ihes egiten saiatu zen, baina erasotzaileak ukituak egin zizkion.

Bestalde, Ertzaintzak 52 urteko gizon bat atxilotu zuen igandean Donostian, auto baten barruan emakume bati eraso egitea egotzita. Altza auzoan izan zen erasoa, iluntzean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, eta emakumea ospitalera eraman zuten, zauriak osatzeko. Poliziak erasotzailea atxilotu zuen, genero indarkeriako delitua leporatuta, eta epailearen esku utzi zuen gero.

11 urteko kartzela zigorra

Bizkaiko Probintzia Auzitegiko Seigarren Atalak 11 urteko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati, bikotekideari tratu txarrak emateagatik eta sexu erasoak egiteagatik. Epaiaren arabera, gizonak fisikoki, sexualki eta psikologikoki eraso egin zion bikotekideari. Bortxatu egin zuen. Bikote harremana eten eta gero, taberna batean, ukabilkadak eman zizkion ahoan eta saihets hezurretan. Horrez gain, haren bizimodua eta harremanak kontrolatzen zituen: sakelako telefonoko mezuak eta argazkiak ezabatzen zizkion, telefono zenbakia aldatzera behartu zuen, lagunekin ateratzea debekatzen edo oztopatzen zion —bere baimena baldin bazuen salbu—, ez zion eskoletara joaten uzten eta argazkiak ateratzera eta bideo deiak egitera behartzen zuen, non eta norekin zegoen jakiteko. Auzitegiak frogatutzat jo du gizonak emakumearekiko «menderatze harreman bat» zuela, «larderia», «inposaketa» eta «mespretxu sistematikoa», «ohiko indarkeria giro batean», fisikoa, hitzezkoa eta sexuala.

Gizon hori bera bikotekideari tratu txarrak emateagatik zigortu zuten 2022ko ekainean, eta urruntzeko eta harremanetan ez jartzeko agindu bat zuen. Auzitegiak gizona zigortu du, aurretik jarritako zigorra urratzeagatik, sexu eraso bat egiteagatik eta tratu txarren bi delitugatik. Espetxetik ateratzen denean, bost urtez egon beharko du zaintzapean, eta sexu hezkuntzako programetan edo antzekoetan parte hartu beharko du. Ezingo da bikotekide ohiarengandik 500 metro baino gutxiagora egon hemezortzi urtez. 20.000 euro eman beharko dizkio bikotekide ohiari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.