Foruzaingoak 42 urteko gizonezko bat atxilotu du Orkoienen (Nafarroa) trafiko istripu bat eragitea egotzita. Poliziek adierazi dutenez, neska lagunari min emateko asmoz izan du istripua. Iritsi direnean, autoa bidetik irtenda zegoen, eta barruan zegoen bikoteak ez zuen zauririk. Halere, 43 urteko emakumeak azaldu die gizonak «hiltzeko mehatxua» egin diola eta istripua izan duela «ahalik eta min handiena emateko» berari.
Gainera, lekuko batek adierazi du gidariak ez duela balaztarik sakatu bazterra jo aurretik. Azkenean, bi delitu leporatuta atxilotu dute gidaria: hilketa saiakeragatik eta bideko segurtasunaren kontrako delituarengatik, 0,80 mg/l-ko alkohol tasa detektatu baitiote proban.