Gizon bat atxilotu dute prostituta bati labanaz eraso egitea leporatuta

Arlo ekonomikoan genero berdintasuna sustatzeko gunea ireki du Emakundek maiatzaren 28ra arte

Iazko abenduan Irunen indarkeria sexistaren aurka eginiko protesta. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2012ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Ertzaintzak 45 urteko gizonezko bat atzeman zuen atzo goizaldean Bilbon, prostituta bat sastakatu duelakoan. 02:00 aldera gertatu zen erasoa. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, andreari pagatzeari uko egin zion gizonezkoak, eta eztabaidan ari ziren biak. Gizonezkoak labana bat hartu eta zauriak eragin zizkion emakumeari, horietako bat lepoan, eta ebaki arinagoak besoetan. Emakumeak berak eman zion abisua Ertzaintzari; handik gutxira atzeman zuten gizona, homizidio saioa egotzita. Basurtuko erietxean (Bizkaia) artatu zuten andrea, zauriak osatzeko.

Indarkeria matxista kasu gehiago ere izan dira, beste bost gizon atxilotu baitituzte asteburuan. Villabonan (Gipuzkoa), 40 urteko gizonezko bat atxilo eraman zuten ertzainek igandean, emakume baten aurkako sexu abusua egotzita. Herrizaingo Sailaren arabera, 22:00 aldera gertatu zen erasoa, Arroa auzoan; andrea txakurra paseatzera ateratzen ari zela oldartu zitzaion gizona. Lepotik heldu, ahoa estali eta lurrera bota zuen emakumea. Lurrean zegoela, sexu ukituak egiten hasi zitzaion. Oihu egitea lortu zuen andreak, eta ihes egiten ahalegindu zen ustezko erasotzailea. Haren bila hasi ziren poliziak, eta etxean atzeman zuten.

Gainera, 39 eta 42 urteko bi gizon atxilotu dituzte Azpeitian (Gipuzkoa), biekin sexu harremanak izateari uko egin zion emakume bat jo zutelakoan. Igandean 01:30 aldera egin zioten eraso, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak ezagutarazi duenez. Emakumearen bikotekidea da ustezko erasotzaileetako bat, eta gizonezkoaren lagun bat bestea. Bi gizonekin zegoen andrea etxean, eta, ustez, haiekin sexu harremanak izatera behartu zuen senarrak. Indarrez ohera bota zutela eta saihetsetan kolpe ugari eman zizkiotela salatu du emakumeak. Etxetik ihes egitea lortu eta gertatutakoaren berri eman zion Ertzaintzari. Ospitalera eraman zuten andrea, eta salatu zuen bikotekideak tratu txarrak eman ohi dizkiola. Bi gizonak atxilotu dituzte poliziek; genero indarkeria delitua leporatu diote bikotekideari, eta lesioak eragitea haren lagunari.

Halaber, bi gizon atxilotu zituzten Bilbon larunbatean. Alde Zaharretik abisu bat jaso zuten ertzainek 21:00ak inguruan, gizonezko bat bikotekidea jotzen ari zela eta. Aurpegia gorrituta zuen andreak, eta, salatu zuenez, jo eta mehatxu egin zion gizonak. Erietxera eraman zuten biktima, eta atxilo hartu zuten gizona. Gauerdian atzeman zuten bestea; bikote ohiaren seme-alaben bila joan zen andrea parke batera, gizonarekin igaro baitzuten eguna. Bertan, gizonak lurrera bultzatu zuen andrea. Ihes egin zuen, baina Zabalburuko ertzain etxera joan zen geroago, bikotekide ohiarekin eztabaida izan zuela esateko. Han bertan atxilotu zuten, genero indarkeria leporatuta.

Berdintasun gunea abian

Bestalde, ekonomia arloan generoen arteko berdintasuna sustatzeko gunea abiatu du Emakundek, bederatzigarrenez. Atzotik maiatzaren 28ra bitartean egingo dute foroa, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuetan eta beste hamahiru herritan. 45 elkartek eta erakundek hartuko dute parte gunean.

Atzo aurkeztu zuten egitasmoa, Eusko Jaurlaritzako Bilboko egoitzan. Genero berdintasunak enpresen produktibitatea hobetzen duela defendatu zuen Emakundeko zuzendari Maria Silvestrek: «Harreman bat dago berdintasunaren, ekonomiaren eta enpresaren artean, eta harreman horrek krisi ekonomikoaren irteera ahalbidetzen du». Ekonomia arloan generoen arteko berdintasunik ez dagoela ohartarazi zuen Silvestrek, eta hainbat datu ekarri zituen gogora: besteak beste, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kontraturik gabeko langileen %88 emakumeak direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.