Nafarroako foruzainek Lizarraldeko gizonezko bat atxilotu zuten orain egun batzuk, abuztutik Urbiolatik (Nafarroa) falta den Maria Angeles German Lopezen desagertzearekin zerikusia izatea egotzita. Gizona Urbiolatik kilometro gutxi batzuetara bizi da, eta Germanen senideek foruzainei azaldu dietenez, bikote harremanaizan zuten. Oraingoz ez dute inputatu, baina epailearen aurrean deklaratu beharko du.
German abuztuaren 9an desagertu zen. Urbiolako ostatua kudeatzen zuen. Egun horretan txakurra albaitariarengana eraman behar zuen Los Arcosera. Senarra 13:30 aldera abiatu zen lanera, Noaingo aireportura. Gauean, etxera itzuli zenean, emaztea falta zela ikusi zuen. Sakelakora deitu, eta ez zion erantzun. Autoaren eta txakurraren arrastorik ere ez zegoen.
Familiak salaketa jarri zuen, eta haren kasuaren berri nazioarteko polizietara zabaldu zuen Foruzaingoak. Baina ez zuten arakatzerik egin, ez zegoelako «horiek hasteko zantzurik». Hilabete hauetan ez dute aurkitu emakumearen aztarnarik, eta familiaren artean kezka areagotzen joan da. Irailaren 16an elkarretaratzea egin zuten Zizurren, Germanen familiari elkartasuna azaltzeko.
Istripuarena eta hilketarena da foruzainek kasuaren inguruan dituzten bi hipotesi nagusiak. Baina aitortu dutenez, bigarrena indar gehiago hartzen ari da asteak igaro ahala.
Maria Puy Perezen kasua
Hori baieztatuko balitz, azken bi urteetan eskualdean gertatutako antzeko bigarren kasua izango litzateke. Izan ere, astelehenean beteko dira bi urte Maria Puy Perez Lizarrako emakumea desagertu zela. Perezek zortzi hilabete eman zituen desagertuta, eta bitarte horretan lau aldiz atxilotu zuten haren bikotekide ohi Jose Maria Morentin.Lehenbizikoa Perez desagertu eta bi egunera izan zen, harekiko zuen urruntze agindua ez betetzeagatik.
Morentinek behin eta berriz ukatu zuen bikotekide ohiaren desagertzearekin zerikusia izan zuela. «Nik badakit Maria Puy non dagoen; zuek jakin nahi baduzue, ordaindu egin beharko duzue», esan zien komunikabideei. Foruzainek eta Perezen senide eta lagunek hilabeteak eman zituzten haren bila. 500 lagunetik gora aritu ziren lan horietan. Hilero, halaber, elkarretaratzeak egin zituzten, hura gogorarazteko.
Baina ekainaren 23an haren gorpua agertu zen Sesmako labore sail baten ondoan. Foruzain bati bikotekide ohia hil zuela aitortu zion Morentinek, eta horri esker aurkitu ahal izan zuten hilotza.
Morentinen testigantzaren arabera, desagertu zen egunean bikotekide ohiarekin egin zuen hitzordua, Lodosa eta Sesma lotzen dituen errepidetik ehun metrora dagoen soro batean. Bertan, emakumeari labana sartu zion lepoan. Hiltzaileak gorpua bertan utzi, eta Aiegin duen etxera joan zen aizkora eta aitzurra hartzera. Ondoren, hilketaren tokira itzuli, eta gorpua zatitu zuen lurperatzeko. Hurrengo egunetan elkarretaratzeak izan ziren hilketa salatzeko.
Gizon bat atxilotu dute, Urbiolan desagerturiko andrearen kasuari lotuta
Maria Angeles German abuztutik falta da; senideek azaldu dute harremana zuela atxilotuarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu