Indarkeria matxista

Gizon bat atxilotu dute Villabonan, emakume bat atxikitzeagatik

Gizonak bere haurra zaintzeko lana eta dokumentazioa eskaini zizkion, eta, behin hura kontratatuta, hiltzeko mehatxua egin zion.

Villabona. IMANOL OTEGI, FOKU
2020ko maiatzaren 1a
10:13
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzak 41 urteko gizon bat atxilotu du, Villabonako (Gipuzkoa) baserri batean emakume bat bere borondatearen kontra atxikitzeagatik. Azaldu duenez, gizonak bere haurra zaintzeko kontratatu zuen emakumea, baina, etxera eraman ondoren, heriotza mehatxuekin atxiki zuen bere borondatearen kontra.

Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, emakumeak iaz ezagutu zuen gizona. Horrek bere semea zaintzeko lana eta dokumentazioa eskaini zizkion. Emakumeak lan egiteko eskaintza onartu ondoren, gizonak etxe batera eraman zuen, eta sakelako telefonoa kendu zion. Emakumeak, ordea, joan den igandean senide bati ahozko mezu bat bidaltzea lortu zuen. Senide horrek Ertzaintza ohartarazi zuen, baina non zegoen ezin izan zuen zehaztu. Ikerketa bati esker, emakumea Villabonako lekuren batean zegoela jakin ahal izan zuen Ertzaintzak.

Hainbat egunez aritu da Ertzaintza inguruetan emakumearen bila, eta, azkenean, gizona identifikatu ondoren, ondorioztatu zuen emakumea Villabonan egon zitekeela, utzita dagoen baserri batean. Hura zaintzen hasi ziren, eta, astelehenean, handik ateratzen ikusi zuten gizonaren ibilgailua. Villabona herrian gerarazi zuten autoa. Emakumea auto barruan zihoan, eta askatu egin zuten. Gizona, berriz, atxilotu egin zuten.

Udalaren adierazpena

Amasa-Villabonako Udalak gaur eguerdian Erakunde Adierazpena onartu du, bozeramaileen urgentziazko bilkuran. Balkoi eta leihoetan more koloreko bereizgarriak jartzea eskatu die herritarrei.

«Gaur goizean hainbat komunikabidetan argitaratu den albistea dela medio, gaur 12:00etan udaleko bozeramaileen batzordearen urgentziazko bilkura izan da eta bertan Erakunde Adierazpena onartu da alderdi politiko guztien arteko adostasunarekin», azaldu dute udaletik.
 
Adierazpen honen bidez, udalak bere «gaitzespena eta biktimarekiko elkartasuna» adierazi nahi izan du, eta herritarrei dei egiten die gaur 20:00etako txalo zaparrada «indarkeria eta jazarpena sufritzen ari diren emakumeei elkartasuna adierazteko baliatzera eta etxeetako balkoi edo leihoetan more koloreko bereizgarriak jartzera».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.