Ertzaintzak jakinarazi duenez, igandean gertatu zen erasoa. Asteazkenean, emakume batek salaketa aurkeztu zuen Ertzaintzaren aurrean, bikotekideak jo egin zuela-eta. Andreak jakinarazi zien etxean gertatu zela erasoa; bertan, gizona bere jokabidea leporatzen hasi zitzaion emakumeari, eta irainka hasi zitzaion. Ondoren, lepotik heldu eta lurrera bota zuen, bultzada batez.
Beste gizon batekin bizi da bikotea, eta tartean sartu zen hura. Emakumeak hautsita du besoa, eta ebakuntza egin diote erietxe batean; bertan igaro ditu hiru egun. Salaketaren berri izan ostean, Ertzaintzak atxilo hartu du andrearen bikotekidea, genero indarkeria delitu bat egin izana egotzita.