Bilboko udaltzainek 30 urteko gizonezko bat atxilotu zuten larunbatean San Frantzisko kalean, bikotekideari eraso egin eta 300 euro lapurtzea leporatuta. Udaltzainak erasoa izan zen lekura joan, eta emakumea sudurretik odoletan ari zela ikusi zuten. Biktimak berak salatu zuen ustezko erasotzailea. Udaltzainei azaldu zienez, goizean eztabaida izan zuten, eta etxetik joatea erabaki zuen. Baina ustezko erasotzailea kalean topatu, eta jo egin zion. Bezperan emandako 300 euroak ere kendu zizkion, antza. Biktima Basurtuko erietxera eraman zuten. Ustez arrebari aizkora batekin eraso egiteagatik, berriz, 62 urteko gizon bat atzeman zuten igandean ertzainek Eibarren (Gipuzkoa). Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, 13:15ean izan zen erasoa. Emakumea kalean zihoan, eta nebak aizkorarekin egin zion eraso, Ertzaintzaren arabera. Han bertan atxilotu zuten. Biktima, berriz, Donostiako Ospitalera eraman behar izan zuten.
Bestalde, hileko lehen astelehenean ohi bezala, Astelehen Lilak ekimenak antolatuta, genero indarkeriaren biktimak gogoratzeko protesta egin zuten atzo Iruñean. Genero indarkeriagatik Euskal Herrian hildako azken bi andreen kasuak salatu zituzten: Deisy Mendoza eta Sophie Loudetterena.
Gizon bat atzeman dute bikotekidea jo eta 300 euro lapurtzea egotzita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu