Ertzaintzak 28 urteko gizonezko bat atxilotu du Bilbon, herenegun gauean emakume bati sexu erasoa egitea leporatuta. Atzo goizean atzeman zuten ertzainek ustezko erasotzailea; arratsaldean, epailearen aurrera eraman zuten, delkaratzera. Andrea, berriz, Basurtuko erietxera eraman zuten.
Astelehen gauean gertatu zen erasoa. Bilboko taberna batean ezagutu zuten elkar emakumeak eta ustezko erasotzaileak. Gizonak autoan emakumea etxera lagunduko zuela hitzartu zuten, baina, hala egin beharrean, andrea lokal batera eraman zuen. Han egin zion, ustez, aurreneko sexu erasoa, 04:00 aldera. Sexu harremanak izateari uko egin zion andreak, eta behartu egin zuen gizonak. Handik, eremu batera eraman, eta behartu egin zuen beste behin.
Gizonak libre utzitakoan, larrialdietara hots egin zuen emakumeak, gertatutakoaren berri emateko. Basurtuko ospitalera eraman zuten, auzitegiko medikuek azter zezaten. Ordu batzuk geroago, atzo goizean atxilotu zuten ertzainek gizona, ustez lehenengo erasoa gertatu zen lokalean. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, aurrekari ugari ditu atxilotuak; hogei aldiz atzeman dute aurretik, eta 23 aldiz auzipetu dute; besteak beste, lapurreta, genero indarkeria, estortsio eta lesio delituengatik.
Gainera, beste lau gizonezko atxilotu ditu azken orduetan Ertzaintzak, genero indarkeriarekin lotutako delituak leporatuta; bat Bilbon, bi Barakaldon (Bizkaia), eta bat Gasteizen. Horietako bi, hain zuzen, bikotekideei eraso egin dietelakoan atzeman dituzte; beste bat, bikotekideari mehatxu egitea egotzita; eta laugarrena, ustez bikotekide ohiarengandik urruntzeko agindua urratzeagatik.
Barakaldon atxilotuetako bat 46 urteko gizaseme bat da, eta ertzainek herenegun atxilotu zuten, 14:45 aldera. Ustez bikotekideari oldartu zitzaion; hari eraso egin zion, eta emakumea erietxera eraman behar izan zuten. Bilbon, 58 urteko gizon bat eraman zuten preso, bikotekide ohiari heriotza mehatxuak egin eta sakelakoa lapurtu ziolakoan. Gainera, hori egiteko, hautsi egin zuen harengandik urruntzeko agindua.
Herenegungo hirugarren atxiloketa Barakaldon izan zen, 22:30 inguruan. 40 urteko gizon bat atxiki zuten, emazteari mehatxu egiteagatik, etxean sesioan ari zirela. Azkenik, Gasteizen 39 urteko pertsona bat atzeman zuen Ertzaintzak astelehen iluntzean, bikotekide ohiari aurpegian ukabilkada ugari ematea egotzita.
Urte hasiera beltza
2012. urtearen hasiera latza izaten ari da indarkeria sexistari dagokionez. Izan ere, hiru egunean hemeretzi gizonezko atzeman ditu Ertzaintzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Orotara, hamahiru atxilotu dituzte emakumeei fisikoki eraso egitea leporatuta; hiru, bikotekideari edo bikotekide ohiari ustez mehatxu egin dietenak; eta gainontzeko hirurak, hain justu, urruntze agindua urratzea leporatuta eraman dituzte preso. Gainera, hemeretzi erasoen ondorioz, bost emakume eraman dituzte erietxera.
Bilbon egin dituzte atxiloketa gehienak; lehen hiru egunetakoak batuta, sei gizonezko atzeman dituzte Bizkaiko hiriburuan. Donostian, hiru lagun atxilotu zituzten urteko lehen bi egunetan, eta Gasteizen, bi pertsona atxiki dituzte. Nafarroan, Foruzaingoak ez du genero indarkeriarekin lotutako atxiloketarik jakinarazi. Horrez gain, 2012ko lehen atxilotuak gazteak dira gehienak. Izan ere, atzemandako bi mutilek 19 urte dituzte; bikotekideari bularrean eta sabel inguruan jotzea egotzita atxikitako batek, 24; Donostian urruntze agindua urratu zuelakoan atzemandako batek, 26; eta Bilbon emakume bati ustez sexu erasoa egin zionak, 28.
Gizon bat atzeman dute Bilbon, andre bati sexu erasoa egitea leporatuta
Bost gizon atxilotu ditu Ertzaintzak, indarkeria sexistari lotutako delituengatik; aurten, hemeretzi atxiki dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu