Ertzaintzak 39 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo iluntzean Donostiako Martutene auzoan, bikotekide ohiari mehatxu egitea eta ostikada bat ematea leporatuta.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, atzo 22:15 inguruan atxilotu zuen gizona Ertzaintzak. Abisu bat jaso zuen Poliziak, esanez gizon bat andre bati eraso egiten ari zitzaiola Martutenen. Bertara joan eta poliziek ikusi zuten gizon-emakumeak borrokan ari zirela auto baten barnean.
Emakumeak ertzainei jakinarazi zienez, eztabaidan hasi ziren, eta gizonak lepotik heldu eta ostikada bat eman zion sabelaldean. Ertzainek atxilo hartu zuten, eta erietxera eraman zuten andrea.