Gizonezko bat atxilotu zuen atzo arratsaldean Ertzaintzak Getxon, Bizkaian. Adingabe bati oldartzen ari zitzaiola harrapatu zutela adierazi du Ertzaintzak. Eskolako autobus geltoki batean atzeman zuten.
Lehenago ere antzeko delituak egina da gizonezkoa, Ertzaintzaren esanetan, eta 54 urte ditu. Gutxienez hogei adingaberi sexu erasoak egin dizkiela uste dute.
Leioako, Barakaldoko eta Getxoko udaltzainekin elkarlanean ari zen Ertzaintza, gizonezkoa atzeman nahian. Herri horietan, Barakaldon eta Sestaon egin izan ditu erasoak gizonak, polizien hitzetan.
Gizonezkoak antzera jokatzen zuela azaldu dute. Biktimei kalean oldartzen zitzaien, goizeko lehen orduetan usu. Telefono batean, gizonezkoen genitalen irudiak erakusten zizkien, eta haietako batzuei sexu ukituak ere egiten zizkien.
Azkenean, atzo arratsean atzeman zuten, Getxoko Las Arenas auzoan, goizeko zazpiak eta hogeita hamar inguru zirela.
Poliziaren arabera, atxilotuak aurrekariak ditu, haur pornografiarekin lotura zuen delitu batengatik.