Ertzaintzak 26 urteko gizon bat atxilotu zuten asteartean, Gasteizen, adingabe bat bortxatzea leporatuta. Erasoa maiatzean izan zen, baina 15 urteko adingabeak joan den asteartean jarri zuen salaketa. Salatu duenez, diskoteka batean zegoen jai giroan, eta lonja batean esnatu zen "erdi biluzik", atxilotu duten gizona gainean zuela. Gaineratu duenez, gizona ahoa estaltzen ari zitzaion, eta bortxatu egin zuen. Gizonak diskoteka horretan egiten zuen lan, eta aurrekari penalak ditu sexu abusuengatik.
Gizona Forondako komisariara eraman zuen Ertzaintzak, eta, epailearen aurrean deklaratu ondoren, Zaballako kartzen espertxeratu zuten.
Horrez gainera, joan den astean 37 urteko gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak Hondarribian, gutxienez sei adingaberi sexu abusuak egitea leporatuta. Atxilotua astelehenean pasatu zen epailearen aurretik, eta gizona behin-behinean espetxeratzeko agindu du. Ikerketak irekita jarraitzen du.
Beste eraso bat, Andoainen
Andoaingo Udalak adierazpen instituzional bat egin du, herrian astelehenean egindako eraso matxista gaitzesteko. «Gure bizilagunak jasandako eraso larria erabat arbuiatzen dugu», azpimarratu dute. Udalak adierazi du halako erasoak indarkeria matxistaren eta gizartean oraindik nagusi diren genero desberdintasuneko jarreren «adierazpen arbuiagarriena» baino ez direla. Balioetan oinarritutako hezkuntzan eta berdintasunaren alde lan egiteko beharra nabarmendu dute. Halaber, «laguntza eta elkartasuna» eskaini dizkiote biktimari.
Mugimendu feministak deituta, elkarretaratzea egingo dute gaur, 19:00etan, Andoaingo goiko plazan, erasoa salatzeko eta biktimari elkartasuna adierazteko.