Gizon bat hil zen atzo Artaxoan (Nafarroa) gertatutako istripu batean. Harekin zeuden bi lagun ere zauritu ziren jazoeraren ondorioz. Horietako bat oso larri dago; besteak, berriz, zauri arinak ditu, eta bertan sendatu zizkioten osagileek. Guardia Zibilak ikerketa abiatu du zer gertatu zen argitzeko. Utzita zegoen abeltegi bateko estalkia eraitsi zenean gertatu zen ezbeharra.
Hiru gizonezkoak —32 eta 34 urte artekoak— utzitako zerri haztegiko estalkia eusten zuten tenkatzaileak mozten ari zirenean gertatu zen ezbeharra. Estalkia eraitsi zenean azpian harrapatu zituen hirurak, hasierako ikerketen arabera. Nafarroako Larrialdietarako Agentziak bi anbulantzia bidali zituen bertara, zainketa intentsiboak emateko prestatutako bat eta ohiko beste anbulantzia bat. Horiekin batera Artaxoako mediku bat eta osasun laguntzaile tekniko bat ere joan ziren istripua gertatu zen tokira. Suhiltzaileen lana ere beharrezkoa izan zen; hondakinen artetik hiru lagunengana heldu ahal izateko haien laguntza ezinbestekoa izan zuten larrialdi zerbitzuek.
Biktimengana heldu zirenerako, horietako bat hilotz zen, eta beste batek zauri oso larriak zituela jakinarazi du Guardia Zibilak. Zauritutako gizona Iruñera eraman zuten, Nafarroako Ospitalera. Hirugarren gizonak zauri arinak zituenez eta bertan sendatu zizkiotenez, Tafallako polizia etxera eraman zuen Guardia Zibilak berehala, bertan gertatutakoaren inguruko azalpenak eman zitzan.
Ez da lan istripua izan
Artaxoako ezbeharra lan istripua ez zela izan argitu du dagoeneko Guardia Zibilak, ikerketaren lehen emaitzen arabera. Hiru gizonek, Azagrako bizilagunak (Nafarroa) hirurak, ez zuten inolako loturarik abeltegiko jabeekin; ez ziren bertako langileak. Oraindik ere ezbeharraren zergatia argitzeko ikerketa egiten ari da Polizia, eta ez du ez hildako pertsonaren ezta beste bi lagunen nortasunik ere argitu.
Istripua Artaxoatik Martzillarako errepidean dagoen zerri haztegi batean gertatu zen, orain hiru urtetik utzita zeuden instalazio batzuetan. Jabeak abeltegia lekuz aldatu zuen orduan, herritik hiru kilometro ingurura, eta aurreko zerri haztegia utzi egin zuen. Ordutik instalazioetan lapurretak egon direla jakinarazi dute inguruko auzoek; txatarra eta bestelako materialak eraman dituztela adierazi izan dute behin baino gehiagotan.
Gizon bat hil da Artaxoan, utzitako abeltegi batean
Bi gizon zauritu dira ezbeharrean, horietako bat larri; ez zuten etxaldeko jabeekin inolako loturarik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu