Polizia patruila batek harrapatu du gizona, oharkabean: kolaz baliatuta txoritxoak ehizatu nahian ari zen Azkoiengo (Nafarroa) eremu natural batean. Poliziaren esanetan, fringillidae deituriko hegazti espezie bat harrapatzen saiatzen ari zen zuhaixka baten ondoan. Likaz bustitako hagatxo batzuen bidez ehizatu nahi zuen, kaiola baten barruan zituen kardelina eta txoka baten apeuaren laguntzaz baliaturik.
Espezie babestuak dira fringillidae deiturikoak, eta hura ehizatzea debekatuta dago 2017. urtetik. Gainera, egun indarrean diren arauek ez dute baimentzen likaz bustitako hegatxoen edo antzeko «arte suntsitzaile» edo «ez-hautakorren» bidez animaliarik ehizatzerik. Halaber, arau horiek zehazten dute hori egiten duten norbanakoak faunaren aurkako delituengatik ikertuko dituztela.
Hain justu ere, delitu horrengatik berarengatik ikertzen ari dira Azkoienen txoriak kolaz baliatuta ehizatzen atzeman duten gizona. Arte suntsitzaile eta ez-hautakor bat baimenik gabe erabiltzeagatik ikertzen ari dira, eta, Zigor Kodearen 336. artikuluaren arabera, lau hilabetetik bi urterainoko espetxealdi zigorra edota zortzi hilabetetik 24 rainoko isuna ezarri ahal diote gizonezkoari.