Nafarroako Foruzaingoak jakinarazi duenez, bart gauean hiru orduz aritu da negoziatzen Artikan (Nafarroa), lau urteko alaba hartuta etxean gotortu den gizon batekin. Atzo arratsaldean dei baten bidez jakin zuten foruzainek Artikako emakume baten senar ohiak lau urteko alaba hartu eta etxe batean gotortu zela.
Foruzaingoak alaba aske uzteko negoziatzeko talde bat bidali zuen Artikara. Hiru orduko lanaren ostean, gizonak aske utzi du alaba. Iruñera eraman dute, ospitalera, azterketa bat egiteko. Alaba aske utzi bezain laster, foruzainak etxean sartu dira, eta gizona atzeman dute.
Antzeko beste gertaera bat izan zen ostiralean Bilbon. Emakume batek salatu zuenez, eztabaida baten ondoren, bere bikotekideak etxetik bota zuen, eta adingabe batekin gotortu zen. Ertzaintza sartu zen etxean, eta adingabea askatu eta gizona atxilotu zuten. Komisarian dago. Bizkaiko hiriburuan, gainera, beste pertsona bat atxilotu dute aste honetan Salazar Jeneralaren kalean hil duten gaztearekin lotuta.
Joan den asteazkenean ere antzeko beste gertaera bat izan zen Artikan bertan. Gizon batek emaztea eta lau seme-alabak bota zituen etxetik. Foruzainak heltzean, etxean gotortu zen hori ere, eta leihotik bere burua botatzeko mehatxua egin zuen. Orduan ere negoziatzaile talde batek parte hartu zuen, eta ordu eta erdi geroago atera zen etxetik.
Bart gauean beste gertaera bat izan da Ablitasen (Nafarroa). Foruzainek gizon bat atxilotu dute. Albiste agentziek jakinarazi dutenez, erasotzailea etxe batean sartu da, eta hiru pertsona zauritu ditu; horietako bi, labanaz. Ondoren, ihes egin du, eta etxe batean gotortu da. Foruzainak, ordea, sartu egin dira, eta atxilotu egin dute.