Gizon bat ospitaleratu dute etxe kaleratze batean, antsietateak jota

Kaleratutako familiak 600.000 euroren zorra du Kutxabankekin; Poliziak bi pertsona identifikatu ditu

Erredakzioa
Bilbo
2012ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Gizon bat antsietateak jota ospitaleratu zuten atzo, Galdakaoko (Bizkaia) pisu batetik kaleratu behar zutenean; anbulantzia batek Usansoloko ospitalera eraman zuen, antsietateak jota. Pisu horretan bizi ziren ospitaleratutako gizona bera, emakume bat eta haien bi semeak, 7 eta 11 urtekoak. Ertzaintza pisuan sartu zenean gizona bere buruaz beste egiten saiatu zela zabaldu zen arren, bertan egon ziren poliziek azaldu zuten ez zutela halakorik sumatu.

Etxea uzteko agindua jaso zuen bikoteak 600.000 euroren zorra du Kutxabankekin, Kaleratzeak Stop plataformak jakinarazi duenaren arabera. Hipoteka hori familiaren garraio enpresa mantentzeko ahaleginean eskatu zutela azaldu du pisua galdu duen emakumeak. Hain zuzen ere, zortzi kamioi zituen garraio enpresa bateko burua zen gizona.

Garraio enpresa kamioi batekin hasi zuen arren, poliki-poliki zortzi kamioi izatera heldu zen. Krisi ekonomikoa hasi zenean, bi urteko arazoa izango zela sinistuta, Galdakaoko etxebizitzaren eta Kantabrian (Espainian) erosia zuten bigarren etxebizitzaren gainean hipotekak eskatu zituen, enpresa mantentzeko.

Ordea, krisia luzatzean, enpresa itxi, eta hipoteka ordaindu ezin zutenez bi etxeak galtzeko bidean daude. Galdakaokoa uzteko agindua atzo jaso zuten, eta Kantabriakoaren agindua jasotzearen zain daudela jakinarazi dute.

Bizkaiko Kaleratzeak Stop plataformak hasieran familia babestu duen arren, gerora kasu horretatik bereizi egin da; plataformak azaldu du Galdakaokoa babestu ohi dituen familia ereduetatik urruntzen dela. Atzo etxebizitza galdu zuten familiako kideek jakinarazi dute gurasoen etxebizitzetara mugituko direla.

Giza katea atarian

Atzo eguerdian hainbat bizilagunek giza kate bat egin zuten atarian, familia kaleratzeko agindua bete ez zezaten. Bertaratu ziren poliziek indar egin zuten giza katean zeuden batzuen kontra, eta, azkenean, bertan zeuden biri datuak eskatu zizkieten, iraintzea leporatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.