Iruñeko Udaltzaingoak gaur jakinarazi duenez, atzo gizon bat salatu zuen, bere kasa bizikleta bati bateria jarri eta kalean zirkulazio baimenik gabe erabiltzeagatik. Zaragoza etorbidean ikusi zuten gizona ibilgailuan, aldapa gora ezohikoa den abiadura batean eta pedalei eragin gabe. Horrela konturatu ziren udaltzainak.
Gerturatu zirenean jabetu ziren bateria bat zuela bizikletak, eta eskulekuan azeleragailu bati eraginez hartzen zuela abiada. Gidaria geratu eta ibilgailua legez kanpoko motozikleta bat zela baieztatu zuten, eta salatu egin zuten.
Bateriaz eta azeleragailuaz gain, eskulekuan pantaila txiki bat zuen ibilgailuak. Udaltzaingoak azaldu du motozikletek zirkulazio baimena izan behar dutela, eta bizikletak motozikleta bihurtzeko produktu sorta horiez ohartarazi du.