ariketa militarrak

Gizon bat zauritu da Bardean suzko arma baten ondorioz, segurtasun eremutik kanpo

Atzo zauritu zen, arin. Espainiako armada ariketa militarrak egiten ari zen tiro eremutik gertu. Nafarroako Gobernuak "kezka" agertu du "gertaera larri" horien inguruan.

Armadaren hegazkin bat, ariketa militarrak egiten. JAGOBA MANTEROLA, ARGAZKI PRESS
2015eko uztailaren 24a
11:01
Entzun

Atzo eguerdian, gizon bat zauritu zen Bardean, arin, suzko arma baten ondorioz. Tiro eremuaren segurtasun alderditik kanpoko pista batetik zihoan, autoz. Ezkerreko sorbaldan zauritu zuten. Armadaren egoitzan bertan artatu zuten. 

Nafarroako Gobernuak adierazi du Foruzaingoak hasiak dituela gertaera argitzeko ikerketa lanak. Presidentetza, Barne eta Justizia Departamentuak "kezka" agertu du "gertaera larri" horien inguruan. Aste honetan hartu dute kargua gobernu berriko lehendakariak eta kontseilariek.

Espainiako Defentsa Ministerioak jakinarazi duenez, helikoptero baten metrailadora batetik botatako jaurtigaiak jo bide zuen gizonezkoa. 

Gertaera "larri" honen aurrean, tiro eremua desegiteko eskaera egin du poligonoaren aurkako batzordeak, eta eskaera zuzena egin die Nafarroako Gobernuari eta Tuterako Udalari: tiro eremua bertatik kentzeko eskaerarekin bat egin dezatela. Halaber, zer gertatu den argitzea eta horren berri ematea galdegin dute.

Gertatutakoaren inguruko azalpenak eskatu ditu Amaiurrek ere. Foru Poliziari ikerketa lana egiten uzteko eskatu dio Sabino Cuadra diputatuak Espainiako Gobernuari, "askatasun osoz, eta inongo daturik ezkutatu gabe". Bart izandako ezbeharraren inguruan izan den "isiltasuna" salatu du agerraldian.

Eremua "lehenbailehen" desegitea "beharrezkoa" dela gehitu du, eta arrazoiak argiak direla argudiatu: arriskua, ekologia eta demokrazia. Eta gogora ekarri du Nafarroak "ezetz" esan ziola "NATOri, Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeari".

Bi lehergailu martxoan

Iragan martxoaren 5ean, tiro eremutik at, ibilgailu batetik 50 metro eskasera erori ziren bi lehergailu. Zaragozako (Aragoi, Espainia) bikote batek eman zien abisua poliziei: natur parkean bertan zirela bi bonba jausi zitzaizkiela alboan. Espainiako Kongresuan salatu zuten ordezkari politikoek, eta azalpenak eskatu. 

1951. urtean jarri zuten martxan Espainiako armadaren Bardeako azpiegitura. Bardeako Komunitateak 2008. urtean sinatu zuen Espainiako Defentsa Ministerioarekin, 210 milioi euroren truke, egun indarrean dagoen kontratua. 2018. urtean berez luzatuko da kontratu hori, 2028. urtera arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.