Bart goizaldean, Orioko (Gipuzkoa) etxebizitza eraikin bat astinarazi du leherketa batek . Eusko Gudarien kaleko etxebizitza bateko sukaldean gertatu da leherketa. Gipuzkoako Aldundiko suhiltzaileen iturriek jakinarazi dutenez, sukaldean propano gasezko poltsa osatu egin da, eta horrek eragin du eztanda. Leherketak sutea eragin du, eta, ondorioz, gizonezko batek erredurak izan ditu. Anbulantzian eraman dute Donostia ospitalera.
Suhiltzaileek 06:10ean jaso dute abisua. Eusko Gudarien kaleko 32. zenbakiko etxebizitzara bertaratu dira, eta laster itzali ahal izan dute sua. Hala ere, eraikineko bizilagun guztiak kalera aterarazi dituzte. 08:00etan itzuli ahal izan dira etxera. Leherketa gertatu den etxebizitzak «kalte handiak» izan ditu, suhiltzaileek jakinarazi dutenez.