Eraso larria gertatu da gaur arratsaldeko lehen orduan Baionako meskitan. Pirinio Atlantikoetako Prefeturaren arabera, 15:20 inguruan gizon bat meskitako ateari su ematen saiatu da, eta bi gizonek harrapatu dute. Orduan, erasotzaileak tiro egin die bi horiei; 74 eta 78 urte dituzte eta larri eraman dituzte biak ospitalera. Auto bati ere eman dio su erasotzaileak, meskitaren ondoan. Frantziako Poliziak inguratu egin du eraikina, eta itxi egin ditu inguruko bideak.
«Ez dut ondo ulertu, ikusi baitut ezantza ontzi bat lurrean. Beraz, lehendabizi atearen heinean zen sua itzali dut». Erasoa gertatu eta laster meskitara hurbildu den lekuko batek horrela esplikatu dio ikusi duena BERRIAri. Momentu larriak izan dira, eta berak salbatu du zaurituetako bat. «Gero, entzun dut jendea oihuka, beraz meskitaren bazter aldera joan naiz; hor, auto bat bazegoen sutan, gorputz bat, biktima bat bazegoen auto azpian. Hurbildu natzaio, eta hortik atera dut autoak zapart egin baino lehen. Nago ez den ezantzarik jarria izan, ez baita posible autoari hain azkar sua lotzea».
Lekuko horrek oso larri atzeman du zauritutako gizon hori: «Atera dut, odoletan zen, eta saihetsezko segurtasun posizioan eman dut. Eskuin saihetsean min zuen balek zauritu dutelako. Saiatu naiz odol isurien gelditzen, baina ez nuen ongi ikusten eta ez nuen nolanahika manipulatu nahi. Sokorriak deitu ditugu, eta saiatu gara gizona iratzarririk mantentzen. Beste biktima bat bazegoen, doi bat hobeki zegoena. Bala bat edo bi bilduak zituen besoan. Biak ospitalera eraman ditu anbulantziak».
Zauritutako gizonak artatzen aritu da lekuko hori, beraz, baina erasotzaileari buruzko informaziorik ez du bildu. «Tiro egilea ez dut ikusi. Gurutzatu duket, zeren eta iritsi naizenean joan berria zen autoz. Ulertu dudanez, tiro egilea harrapatu dute. Dakidanez, adin bateko pertsona da dudatu gabe tiro egin duena». Erasoa 15:20an izan da, arratsaldeko otoitza baino hiru ordu laurden lehenago. «Otoitzaren momentuan izan balitz, biktimen kopurua handiagoa izan zitekeen. Gaitzagoa izan zitekeen», gaineratu du lekuko berak.
Fronte Nazionaleko hautagai ohia
Erasoaren ostean ihes egin du erasotzaileak, Prefeturak jakinarazi duenez, eta Seinautzen atxilotu du Frantziako Poliziak (Okzitanian), bere etxearen atarian. Baionatik hamasei kilometrora da herri hori. 2015eko departamenduko hauteskundeetan Fronte Nazionaleko hautagai izan zen 84 urteko militar erretiratu bat litzateke Poliziak atxilotu duen ustezko erasotzailea, zenbait hedabideren arabera.
Polizia iturriak aipatuz, France Bleu irratiak jakinarazi du autoan Smith & Wesson pistola bat atzeman diotela, eta atxilotzerakoan arma hori erabiltzen entseatu dela, baina poliziak indargabetu duela. Atxilotuak autoan gas bonbona bat zeramala ere zabaldu dute hedabide batzuek, eta granadak ere aurkitu omen dituzte haren etxean. Baionako komisariara eraman dute atxilotua eta auzitegietako poliziak hartu du ikerketaren ardura.
Florence Lasserre diputatua Iritsi berri da. Jean Rene Etxegarai eta Baionako suprefeta mezkitan omen daude. Prentsa ez pasatzen uzteko agindua dutela erran digu Poliziak @berriapic.twitter.com/t7BUHwrpTs
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) October 28, 2019
Atentatuaren berri izan ondoren, hainbat agintari hurbildu dira Baionako meskitara. Tentsio uneak ere izan dira. Izan ere, hainbat bizilagunek zaurituen artean hurkoren bat zuten jakin nahi zuten, baina Poliziak ez die hesia igarotzen utzi. Bi polizia meskita ondoan selfie bat hartzen ikusi dituela kontatu du batek, kexu.
Azken asteetako testuingurua ere izan du hizpide beste bizilagun batek: «Badu hiru aste telebista guzietan musulmanen kontrako mezuak zabaltzen dituztela». EH Baik erasoa salatu, eta babesa erakutsi die Euskal Herriko musulmanei. Christophe Castaner Frantziako Barne ministroa «sumindua» agertu da; «elkartasuna eta sostengua» adierazi dizkio musulmanen komunitateari.
🔴 EHBAIk gogorki salatzen du Baionako meskitaren kontrako erasoa.
— EH Bai (@EHBai) 2019(e)ko urriaren 28(a)
Gure sustengu osoa, Baiona eta Euskal Herriko musumal komunitateari zein biktimei.
Les faits commis à la mosquée de #Bayonne émeuvent et indignent chacun d’entre nous.
— Christophe Castaner (@CCastaner) 2019(e)ko urriaren 28(a)
Mes premières pensées vont aux blessés et à leurs proches.
Solidarité et soutien à la communauté musulmane dont je mesure le choc et l’effroi.
Bi eraso jasan ditu lehenago
Joseph Latxage karrikan dago meskita, eta ez da horrelako eraso bat jasan duen lehen aldia. 2017an bi koktel jaurti zituzten meskitara; igande gau batez gertatu zen erasoa, eta kalte materialak eragin zituzten. Astelehenean ohartu ziren erasoaz. 2015eko urtarrilean, berriz, Parisen Charlie Hebdo aldizkariaren aurka izandako erasoaren ostean, pintaketa arrazistak egin zituzten Baionako meskitan eta bi saltokitan.
Poliziak Baionako meskitaren inguruak itxi ditu. / Ekhi Erremundegi Beloki, BERRIA