BARAKALDO. Ertzaintzak gizon baten gorpuzkiak aurkitu zituen atzo Barakaldoko Arrontegi mendian (Bizkaia). Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar batean jakinarazi duenez, uztailean desagertutako 62 urteko Barakaldoko herritar baten kasua ikertzen ari ziren, eta ikerketaren zantzuek eraman zituzten atzo bilaketa bat egitera, aztarna berriak aurkitzeko asmoz. Arrastoak desagertutako gizonarenak direla uste dute.
Era berean, ikertzaileek ondorioztatu dute desagertzea ez zela borondatezkoa izan. «Bilaketa honen ondorioz, Ertzaintzak jauzi kualitatibo bat eman du desagertzearen ikerketan. Kriminalitate zantzuak daudela ematen du», azpimarratu dute. Izan ere, hedabide batzuen arabera, gorpuaren hankak moztuta aurkitu dituzte.
Ertzaintzak Barakaldoko epaitegiei eman zien atzo gertatutakoaren berri, eta polizia zientifikoko talde bat ere joan zen gorpuzkiak agertu ziren lekura. Ikerketa zabalik dago; baita bilaketa ere.
Gizon baten gorpuzkiak aurkitu dituzte Barakaldon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu