Gizonezko baten gorpua topatu zuten atzo auto baten barnean Ahurtin (Lapurdi). Aturri hertzean zegoen autoa, eta 11:00 aldera aurkitu zuten hilotza. Frantziako Poliziak ikerketa bat abiatu du, eta homizidioaren hipotesia lehenetsi du, Anne Kayanakis Baionako prokuradoreak jakinarazi duenez; izan ere, autoari su ematen saiatu zirenaren zantzuak antzeman ditu.
Hildakoa nor zen ere aztertzen ari dira poliziak. Lehen azterketen arabera, "gizon gazte bat" zen. Bordelera eramango dute gorpua, Auzitegi Medikuntzako Institutuan autopsia egin diezaioten.