Gizon bati 32 urteko espetxe zigorra berretsi diote, alabari eta bi alabaorderi sexu erasoak egiteagatik

Defentsako abokatuaren helegitea atzera bota du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak, eta zigorra mantendu dio 45 urteko erasotzaileari. Beste gizon bat atxilotu dute Irunen, bikotekide ohiari eraso egiteagatik.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren egoitza, artxiboko irudi batean. VILLAR LOPEZ / EFE
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren egoitza, artxiboko irudi batean. VILLAR LOPEZ / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko maiatzaren 8a
12:45
Entzun

Gizon bati ezarritako 32 urteko eta hiru hilabeteko espetxe zigorra berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak, alabari eta bi alabaorderi sexu erasoak egiteagatik. Iazko abenduan zigortu zuten erasotzailea, baina haren defentsako abokatuak helegitea jarri zuen, eta absoluzioa eskatu. Fiskalaren eta akusazio partikularraren eskariarekin bat egin du epaileak, eta berretsi egin du zigorra. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak nabarmendu du sexu erasoak guztiz frogatuta daudela.

Auzitegiak azaldu duenez, 2008ko irailetik 2009ko urtarrilera eta 2017ko azarotik 2018ko uztailera egin zizkien 45 urteko gizonak sexu erasoak alabari eta bi alabaorderi, Nafarroako Erriberako beren bizilekuan. Erasoak sufritu zituztenak adingabeak ziren orduan. 2020an ere sexu erasoak egin zizkion alabari. Erasotzailea lehenago ere zigortua izan zen neska adingabe bati sexu erasoak egiteagatik. 2018an bi urteko espetxe zigorra ezarri zion auzitegi berak, baina ez zen kartzelara joan.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak asteon berretsi duenez, 32 urteko eta hiru hilabeteko espetxe zigorraz gain, 50.000 euroko kalte ordaina ordaindu beharko dio alabari, 35.000koa alabaorde bati, eta 50.000 eurokoa besteari.

Atxilotuta indarkeria matxista egotzita

Espainiako Poliziak gizon bat atxilotu du Irunen (Gipuzkoa), indarkeria matxistako delitu bat leporatuta, bikotekide ohiari —emakume bati— eraso egiteagatik. Espainiako Poliziak jakinarazi duenez, erasotzailea eta erasoaren biktima elkarrekin joanak ziren Irungo polizia etxera, beren seme adingabearekin, haren pasaportea berritzera. Tramitea egiten ari ziren bitartean, gizonak ukabilkada bat jo zion andreari, eta berehala atxilotu zuten poliziek.

Horrez gain, Gipuzkoako Auzitegiak gizon bat epaituko du, emakume bati sexu erasoak egitea leporatuta. Fiskalak zazpi urteko espetxe zigorra eskatu du epaituarentzat. Erasotua eta erasotzailea maitaleak ziren, eta emakumea haurdun zegoen gizonak sexu erasoak egin zizkionean.

Gainera, Galdakaoko Udalak (Bizkaia) jakinarazi du eraso matxista bat gertatu dela herrian. Xehetasunik eman ez duen arren, nabarmendu du indarkeria matxistaren aurkako protokoloa martxan jarri duela, eta erasoa gaitzetsi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.