Arabako Probintzia Auzitegiak hamalau urteko espetxe zigorra ezarri dio gizon bati, alabari zortzi urtez sexu erasoak egiteagatik. Neska adingabea zen aitak sexu erasoak egin zizkion aldian: 6 urte zituenetik 14 urte bete arte egin zizkion sexu erasoak. Auzitegiak ohar bidez adierazi duenez, bizilekuan egiten zizkion sexu erasoak, erasotzailearen emaztea eta erasotuaren ama etxean ez zegoenean.
Neskak 2008tik 2016ra jasan zituen sexu erasoak, eta 2021ean salatu zituen. Urte horretan egin zuen alde familiaren etxetik, eta bikotekidearekin joan zen bizitzera. Psikologo batekin kontsultatu ostean, erasotzailearen aurkako salaketa jarri zuen. Auzitegiak nabarmendu du sexu eraso horiek «kalte psikiko handia» eragin diotela neskari.
Hamalau urteko espetxealdiaz gain, bost urteko zaintzapeko askatasuna ere ezarri dio auzitegiak erasotzaileari —espetxe zigorra betetakoan sartuko da indarrean—, eta debekatu egin dio hamabost urtez erasotuarekin harremanetan jartzea eta harengana gerturatzea. 40.000 euroko kalte ordaina ordaindu beharko dio alabari, «kalte psikiko handia» eragiteagatik. Gainera, debekatua izango du adingabeekin harremana izatera behartzen duten lanbideak eta jarduerak egitea.
Epaia ez da irmoa, eta erasotzaileak helegitea jar dezake EAEko Justizia Auzitegi Nagusian.