FAMILIENTZAKO LAGUNTZAK

Gizon gutxi lotzen zaizkio umeak zaintzeko Jaurlaritzaren planari

Eszedentzia nahiz lanaldiaren murrizketa eskatzen dutenen artean % 4,9 baino ez dira gizonak

GASTEIZ
2004ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Behera egin du berriro Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan seme-alabak zaintzeko neurriak baliatzen dituen gizonezko kopuruak. Eusko Jaurlaritzak egindako azken neurketaren arabera, kasu guztien %4,9 besterik ez dira lan jardunaldia murriztu nahiz eszedentziak hartzeko neurriren bat eskatu duten gizonak; aurreko ebaluaketan %5,3 izan ziren.

Familiei Laguntzeko Plana baloratu zuen atzo Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu Joseba Azkarragak. Administrazioak diskriminazio positiboa darabil geroeta gizon gehiagok zaindu ditzaten seme-alabak: adibidez, 2.400 euro ordaintzen zaizkio lanean eszedentzia eskatzen duen emakumeari, eta, gizonari, berriz, 3.000 euro; lan jardunaldiaren murrizketan ere antzera gertatzen da.Azkarragaren arabera, Eusko Jaurlaritzak aldaketaren bat egitea pentsatu zuen garai batean, baina plangintza bere horretan uztea deliberatu du: «Gizonezkoari diskriminazio positiboa ematen jarraitu beharra dago, aldaketa ez delako etorriko egun batetik bestera».Sailburuaren irudiko, «aldaketa kulturala» sustatzen ari da gizonezkoak ere behinik-behin emakumezkoak egiten duen neurrian parte har dezan etxean: «Aldaketa kulturala da, eta, tamalez, mantso-mantso doa. Denbora beharko du horrek».

Plana, oro har, «oso bide onetik» doa

Eusko Jaurlaritzak gizonezkoen partaidetza eskasa ohartarazi du 2002ko udan plangintza onartu zuenetik egindako jendaurreko balorazio orotan. Ez du lortu gizonek seme-alabak zaintzeko eszedentzia edo lan-jardunaldiaren murrizketa asko eskatzea. Programaren arduradunen irudiko, etxeko erantzukizunei muzin egiteko joeraz gain, bada beste motibo bat: emakumeek etxean geratzea erabakitzen dute maiz gizonen soldatak handiagoak direlako. Gauzak hala, Azkarragaren esanetan, gizon gehiagok programarekin bat egitea ez da erraza: «Erronka nagusietako bat da oraindik ere».

Gizonezkoen jarrera alde batera utzita, Azkarragak nabarmendu zuen datuek erakusten dutela plana, oro har, «oso bide onetik» doala: eszedentzia edo lanaldien murrizketa kopuru osoak %156ko hazkundea izan du.Familiei Laguntzeko Planak 53,5 milioi euro bideratu zituen iaz. Eusko Jaurlaritzak 16,3 milioi gastatu zituen familiako ardurak nahiz etxetik kanpokoa bateragarri bihurtzeko ekimenean, 15,9 milioi seme-alabak izateagatik diruz laguntzen duen programan, 20,9 milioi 0 eta 3 urte bitarteko umeak eskolaratzeko politikan eta 400.000 euro gizartearen kontzientzia pizteko kanpainan.

Lehenengo umeagatik, ere bai akaso

Lakuaren aurreikuspena da aurtengo ekitaldia amaitzean 6 milioi euro gehiago bideratuko duela.

Eusko Jaurlaritzak dirulaguntzak ematen ditu bigarren seme-alaba izatean nahiz hortik aurrerakoengatik ere. Sailburuak ezagutarazi zuen datorren urtean baloratuko dela lehendabizikoa ere diruz saritzen denentz, plangintzaren ebaluaketa egiten denean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.