Iruñeko espetxeko bizipen eta datuak baliatuta, emakumeek espetxean duten egoera azaldu du Nafarroako Salhaketak. 2009tik zenbait ikerketa egin ondoren, gaia «sakonago» ikertzea erabaki zuten Salhaketako kideek, eta lan hori Mujeres en prisión (Emakumeak kartzelan) liburuan jaso dute. Atzo aurkeztu zuten liburu hori, Gasteizen, Expocarcel erakusketari lotuta egiten ari diren hitzaldietan. June San Millan da egileetako bat. Salatu du gizartean epaiketa gogorragoa jasan behar dutela preso dauden emakumeek. Gainera, iritzi dio kartzela berriek ez dituztela hobetuko presoen baldintzak.
Nola banatu duzue liburua?
Hiru zatitan banatu dugu. Lehenik eta behin, analisi juridiko eta kriminologikoa egin dugu, emakumearen eta kartzelaren arteko loturak historian izan duen bilakaera azaltzeko. Bigarren partean 28 emakume presori egindako galdeketen emaitzak aztertu ditugu. Ikuspuntu soziologiko, psikologiko eta politikotik egin dugu. Azkenik, preso diren edo izan diren hamabi emakumeren bizipenak bildu ditugu.
Nolakoa izan da emakumearen eta espetxearen arteko lotura?
Gaur egungo espetxeen modukoak duela hiru edo lau mende jarri zituzten martxan, eta deigarria da nola emakumeak izan ziren eredu horren ondorioak pairatzen lehenak. Zigortzeko orduan ere emakumeak bereizi egiten zituzten. Hortaz, gizon gehienek gatibu lanak egiten zituzten bitartean, emakumeak itxi eta bakartu egiten zituzten.
Nola eragiten die horrek emakumeei? Gizonekiko alderik ba al dago?
Gizonak baino gehiago sufritzen du preso dagoen emakumeak. Lehenik eta behin, arraroa da emakume batek delitu bat egitea. Espainiako Estatuan ehun presotik zortzi ere ez dira emakumeak. Baina aurreiritzietan oinarritutako gizarte epaiketa bat dago. Delitu bera egiten duen gizona baino gaiztoagotzat jotzen da emakumea. Delitua epaitzearekin batera, gizartearen epaiketa paraleloa dago.
Espetxe barruan daudenean gizonen eta emakumeen arteko alderik sumatu al duzue?
Gehiago sufritu ohi du emakumeak. Familia utzi duela sentitzen du, errudunago sentitzen da. Kartzelan bere buruaz beste egiten duten emakumeen batez bestekoa gizonena baino handiagoa da, kalean ez bezala. Botika gehiago ere ematen dizkiete emakumeei espetxean, eta gizonei baino jarrera otzanagoa eskatzen diete.
Otzanagoak izateko?
Jokabide berdina izanda, emakumea zigortzen da eta gizona ez. Adibidez, duela zenbait urte elurte handi bat egin zuen Iruñean, eta emakume preso bat semearen aurrez aurreko bisitaren zain zegoen. Elurtea zela eta, semea berandu heldu zen, eta ez zioten utzi ama bisitatzen. Emakumeak, gertatutakoaren berri izan zuenean, funtzionarioari oker jokatzea leporatu zion. Horregatik zigortu zuten.
Zein dira espetxean dauden emakumeen ezaugarriak?
Iruñeko espetxetik igaro diren emakumeak gazteak dira, 31 urte ingurukoak. Espainian jaio dira gehienak. Erdiek drogak kontsumitu dituzte, eta ia erdiek seme-alabak dituzte kanpoan. Askok senideak dituzte espetxean. Kasu gehienetan bikotekideak izaten dira. Horrez gain, emakume askok desoreka psikologikoak garatzen dituzte espetxe barruan, aurretik arazorik izan ez arren.
Horrelako zerbait ere gertatzen zaie gizonei.
Bai, baina gogorragoa da emakumeen kasuan. Bakartzeak, itxita egoteak eta etengabeko estresak azkarrago sortzen die desoreka psikologikoa. Aurretik dituzten nahasmenduak asko areagotzen dira, eta instituzioen utzikeria sentitzen dute. Utzikeria hori bera ikus daiteke inkestetan; zigortutako hiru emakumetik bik ez dute tratamendu programa espezializaturik, epailearen sententziaren ondorioz espetxean dauden guztiek izan beharko luketen arren.
Zergatik gertatzen da hori?
Osasun profesional batzuek zuzendu behar dute gizarteratzen lagunduko dien tratamendua: sendagileak, psikologoak, hezitzaileak, legelariak... Horiek aztertu behar dute presoen bilakaera, aurrerago espetxetik ateratzeko baimenak izateko. Ordea, profesionalekin dituzten elkarrizketak hamar minutukoak dira gehienez, eta askotan korridorean bertan egiten dizkiete.
Nola bizi dute hori emakumeek?
Kasurik ez dietela egiten sentitzen dute. Oztopo lasterketa bat balitz bezala ikusten dute, eta emakumeak badaki zer esan behar dion psikologoari; profesional horiek ez dituzte ezagutzen, baina gizartean bizitzeko prest ez daudela esateko prest daude haien bakartzea arrazoitzeko.
Adibiderik ba al dago liburuan?
Drogak salerosteagatik auzipetu zuten emakume bat. Emakumeak aitortu zuen ez zuela drogarik hartzen, nahiz eta kontrakoa esanez gero zigor txikiagoa izateko aukera izan. Espetxera bidali zuten, eta psikologoaren lehen txostenak esaten zuen ez zegoela prest gizarteratzeko, droga mendekotasuna zuelako. Adibide hori ez dago liburuan, baina oso argigarria da.
Espetxe barruan bada indarkeria. Hor dago Langraizko segurtasun zuzendariordearen kontrako sententzia, sexu abusuak egiteagatik.
Uste dugu egunero gertatzen direla sexu abusuak zein beste mota batzuetako abusuak. Emakumeei dagokie pausoa ematea. Gu laguntzeko prest gaude, baina barruan dagoen pertsonak ez badu salatu nahi, ezin dugu ezer egin.
Iruñeko espetxe berriarekin aldaketarik espero al duzue?
Espetxe berriek ez dituzte hobetuko presoen baldintzak, inondik inora ez. Segurtasuna lehenetsiko dute, presoari eman diezaioketen tratamenduaren gainetik. Oraindik zalantza asko daude espetxe berriari buruz; baina, guk dakigula, emakumeentzako modulu bakarra egongo da, eta ama direnentzako modulurik ez da izango.
Eta etorkizunera begira...
Azken urteetan espetxe asko egin dituzte, eta ez dituzte hutsik egoteko egin. Preso kopurua gora doa etengabe.
June San Millan. Nafarroako Salhaketako kidea
«Gizonak baino gehiago sufritzen du preso dagoen emakumeak»
'Mujeres en prisión' liburuan Iruñeko espetxeko emakumeen hitzak bildu dituzte, eta haien errealitatea erakutsi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu