Hiru gizonezko atxilotu dituzte sexu erasoekin lotuta, Gasteizen, Donostian eta Bilbon. Gasteizen, 52 urteko gizonezko bat atxilotu dute emakume bat kutxa automatiko batean inguratu eta jazartzeagatik. Emakumea oihuka hasi da, eta bertze emakume batek atera du handik. Ertzaintzak erasotzailea lekuan bertan atxilotu du.
Donostian, bertze gizonezko bat atxilotu dute kamerak jartzeagatik emakumeek pixa egiten zuten leku batean grabatzeko. Udal zerbitzuek jakinarazi dutenez, sei kamera txiki eta grabazioak zeuzkan telefono bat zeramatzan gizonezkoak atxilotu dutenean. Horrez gainera, emakume batek salatu du gizonezko batek ukituak egin zizkiola larunbat gauean. Salaketa jarri du, eta erasotzailearen bila ari dira. Erasoak gaitzesteko, elkarretaratzeetara deitu dute iluntzean.
Bilbon, berriz, gizonezko bat atxilotu dute bere bikotekidea erasotzea egotzita. Bilboko Miribila gertatu da erasoa. Bilboko udalak agiri bat kaleratu du eraso hau gaitzesteko eta biktimari bere babesa erakutsi dio.
Erasorik gabeko jaiak
Gozamena, errespetua eta zaintza. Hiru dira Bilboko konpartsetako emakumeek ozen zabaldu duten mezuaren ardatza: jaiak aske gozatu, euren erabakiak eta gorputzak errespetatu, eta elkarlanean eta elkar zainduz Aste Nagusi are herrikoiagoa eraiki. Bilboko Aste Nagusia hasteko astebete baino gutxiago falta den honetan, konpartsetako emakumeek agerraldia egin dute gaur goizean.
Haserreak eta askatasun senak eginarazi die agerraldia, balio feministen aldarria lau haizeetara zabaldu guran. “Beldurra txikitu eta jarrera erasokor eta matxistei hortzak erakutsi”, mezua eta jarrera zabaldu nahi dute. Horren adierazgarri, Gozatu, errespetatu eta zaindu dioten banderatxo morez josiko dute jaigunea.
Adierazi dute bizitzaren erdigunean kokatzen dituztela jaiak, iraganean “bigarren mailako” aldarrikapen espaziotzat jotzen baziren ere. Jaiak gozamenerako, errespeturako eta zaintzarako gunetzat hartzen dituzte. Oraindik egiteko bide luzea geratzen den arren, “erasorik gabeko jai gunea eraiki” nahi dute, eraso, jazarpen eta zapalkuntza oro identifikatu, irauli eta jai gunea eraldatuz.
Azken urteetako ohiturari helduz, dei egin dute erasorik izanez gero konpartsengana jotzeko informazio bila. Prest dute erasoen aurkako protokoloa ere, eta herritarrei eskatu diete mobilizazioetan parte hardezatela protokoloa aktibatu beharra baldin badago.